Etxe hutsen jabeekin egindako bileran, hizlariek aditzera eman zuten Udalak eta kolaboratzen ari diren enpresek prest daukaten plana, erroldatuta dagoen bizilagunik ez duten etxebizitzen alokairua sustatzeko, eta hala egitera animatu zituzten bertaratuak.
Bizilagun batzuei aplikatzen ari zaizkien zigorrengatik sortutako tentsioa nabarmen areagotuz joan zen, hizlarien interbentzioa laburtzeraino, ematen ari ziren informazioa ez zetorrelako bat kaltetuek jasotakoarekin. Hizlarien arabera, zigorrak bi urteren ondoren aplikatzen hasten dira, eta kaltetu baten arabera, sei hilabeteren ondoren ezarri diote zigorra. Udalak bere garaian azaldu zuen 'errekargua exijitu ahal izango da', baina maximora aplikatu du araudia, salbuespenik onartu gabe.
Aipatutako enpresek ez dute bermatzen maizter morosoen ez ordaintzeak jasotzea, ezta etxetik ateratzea ere. Hizlari baten arabera, gutxi batzuk dira txikitutako etxebizitzen errudunak. Edozein izan daitekeela erantzun zitzaion, aipatutako kasu batean bezala. Etxejabeek ez dute berme judizialik, ezta instituzioena ere, eta horrek kostu ekonomiko handia dakarkie, gauzak ondo ez dijoazenean.Hainbat kaltetuk barkamena eskatu zieten hizlariei, tonua igo izanagatik; baina urtetan pilatutako tentsioa daukate, instituzioek ez dietelako arretarik eskaini.
Beste hainbat kexa eta proposamen aurkeztu zituzten kaltetuek, galdetu zitzaien zer egingo den bildutako diruarekin (ez dakite), eta eskatu zitzaien kontutan hartzea etxebizitza erosteko egindako sakrifizioa. Diktadura bizi genuen helduok, ahalegin handiz, etxebizitza baten jabe izan nahi genuen segurtasun bat izateko, pentsioek ez bazuten gure etorkizuna bermatzen. Bileran eskatu zitzaien babes ofizialeko etxebizitzak izan daitezela alokairu sozialekoak, gazteek eta etxerik ez dutenek erabiltzeko.
Bileraren bukaeran, espontaneo batek (esan zuenez, ez zen zinegotzia, ez aipatutako enpresa batekoa, eta ezta kaltetua ere) adierazi zuen hizlariak oso ondo aritu zirela, kaltetuen jarrera txarra izan arren. Eta aipatu zuen, beregatik balitz, etxebizitza horiek kenduko lizkiela denei.