Masterseko txapelak ihes egin dio Endika Barrenetxeari, Imanol Ansa estu hartu arren

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 3a

Barrenetxea eta Ansa, larunbateko sari banaketa ekitaldian.

Hernaniarrak ondo eutsi zion partidu erdira arte (15-26), baina bigarren zatian nagusi izan zen urnietarra, laugarren txapela janzteko (24-30).

Ezin izan zuen txapela jantzi Endika Barrenetxeak, larunbatean, Buruz Buruko Masterseko finalean. Hernaniarrak ligaxkan baino nabarmen gehiago estutu zuen Imanol Ansa, baina urnietarrak lortu zuen garaipena, partiduaren bigarren erdian martxa bat gehiago sartuta (24-30).

Izan ere, partiduaren erdira arte oso parekatua izan zen finala (15-16). Hortik aurrera, ordea, erritmoa bizitu zuen Ansak, eta 18-23koa jarri ondoren, takada erabakigarria lortu zuen: 19-29 egin zuen ihes, finala erabakita utzita. Barrenetxeak ez zuen amore eman, ordea, eta 5-0eko partzial batekin erremontadarako aukera bizirik mantendu zuen, baina sakearen errestoan erremate borobila eginez bukatu zuen partidua Ansak. Hain juxtu, errestotik egin zuen min gehien urnietarrak finalean, Masterseko bere laugarren txapela janzteko.

 

Alize Sagardui semifinaletara, eskuzko Binakakoan

Albiste hobeak izan dira eskuzko lehian, Alize Sagarduiren eskutik, Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketan. Goizuetarrak eta Enara Gaminde laukiztarrak asteburuko bi partiduak irabazi dituzte, eta semifinaletara sailkatu dira, ligaxka bigarren postuan bukatuta. Ostiralean 22-10 menderatu zituzten Zabaleta eta Bertiz, Ortuellan; eta igandean 22-11 irabazi zieten Ibarrolari eta Erasuni, Igorren. 

Hori horrela, Amaia Aldairen eta Miriam Arrillagaren kontra jokatuko dute semifinala. Azkeneko partiduan kolpe gogorra jasotzetik datoz Aldai eta Arrillaga, 2-22 galdu baitzuten Arrizabalaga eta Bergara liderren kontra. Beste semifinalean ariko dira haiek, Ruiz de Infante eta Mendizabal kontrario dituztela.

B serieko Binakako Txapelketan, berriz, Iker Salaberria goizuetarrak porrota jaso zuen semifinaletako ligaxkaren estreinakoan. Andoni Gaskuerekin batera, 16-22 galdu zuen Darioren eta Lozaren kontra. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!