Astelehenean jarri zuen jendaurrean ikusgai Eusko Jaurlaritzak, Enigma Green Power enpresak sustatutako Ikatz Gane proiektu eolikoa: bost aerosorgailu jartzekoa Hernaniko lurretan, Aranorekin mugan.
Horrekin batera, alegazioak aurkezteko 30 eguneko epea ireki da, eta Hernaniko Udalak aditzera eman du eskura dauzkan «baliabide guztiak» jarriko dituela «proiektua aztertu eta alegazioak aurkezteko. Txosten tekniko horiek egingo dira bereziki proiektuak bioaniztasunean eta faunan izan dezakeen eragina, baina baita beste esparru ezberdinetatik ere; besteak beste, hirigintza, ondare edo arlo juridikoaren ikuspegitik». Era berean, alegazioak aurkezteko gonbidapena luzatu diete interesa duten herritar guztiei, eta «zuzeneko informazioa jaso eta zalantzak argitzeko» Udalera jotzea eskaini diete.
Prozesuari buruzko zenbait argibide ere eman ditu Udalak. Batetik, azaldu du oraingoz ez dagoela behin betiko baimenik, ezta egikaritze faserik ere. «Beraz, ez da inongo erabakirik hartu. Enpresa baten hasierako eskaera da, eta parke eolikoaren proiektuak ez du oraindik onarpenik jaso dagokien erakundeen aldetik. Prozedura administratiboa lehenengo fasean dago, eta oraindik ez da zehaztu proiektua aurrera eramango den ala ez».
«Ezinbestekoa izango da ereduaren inguruko eztabaida publikoa»
Udalak «argi» utzi nahi izan du, bestalde, «proiektuaren gaineko eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela; eta ondorioz, informazioa ematea zein azkeneko erabakiak hartzea haren ardura dela, ez Udalarena».
Hori horrela, adierazi du energia proiektuak ezin direla «ikuspegi tekniko edo ekonomikotik bakarrik landu», eta «ezinbestekoa» izango dela «herritarren partehartzea izango duen ereduaren inguruko eztabaida publikoa». Udalaren ustez, «proiektu horiek trantsizio energetikoaren testuinguruan kokatu behar dira, ikuspegi sozial eta iraunkor batetik begiratuz».
Zentzu horretan, azpimarratu du, «proiektu horietakoren batek aurrera egitekotan», gutxienez lau printzipiori erantzun beharko diela: «Batetik, herritarren zein tokiko administrazioaren ekarpenak jaso behar dira azpiegituren kokapenaren inguruan, balio haundieneko parajeak ekidinez, izan bertako basoetako ekosistema baliotsuak, izan nekazal lur estrategikoak, izan beste balio bereziak izan ditzaketen eremuak. Bestetik, tokiko enpresa, tokiko erakunde eta komunitate energetikoei erraztasunak eman behar zaizkie proiektuaren jabetzan parte hartzeko. Gainera, sortzen den energiaren gehiengoa lurraldeko enpresa, administrazio publiko edo komunitate energetikoen eskuetan prezio justu batean uzteko konpromisoa izan behar dute proiektuaren sustatzaileek. Eta azkenik, klima-energia legeek ezarritakoaz gain, proiektuen sustatzaileek konpentsazio neurri sorta bat negoziatu beharko dute tokiko erakunde zein herritarrekin, izan biodibertsitatearen onurarako neurriak txertatuz, izan lur zaintzailetza proiektuekin, eta abar. Jaurlaritzak jasotzen duen kanonak ere zentzu hau izan beharko luke».
Horri lotuta, Udalak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak ez daukala «plangintza estrategikorik, ez energia-ekoizpenari ezta lurralde plangintza ikuspegiari dagokionez ere», eta horiek «funtsezkoak» direla «eraldaketa ekosozialaren dimentsio ezberdinetan erabakiak hartu ahal izateko».