Korrikarako prestaketa lanak bere gorenera iristen ari dira, eta bide horretan zenbait hitzordu eta mugarri garrantzitsu izango dira aste honetan, Hernanin eta Astigarragan. Horrela, hasteko, bi herrietan ostiral honetan bukatuko da lekukoak eskuratzeko epea. Korrika Hernanitik edo Astigarragatik pasatzen denean lekukoa hartu nahi duten elkarte, talde edo norbanakoek, etzi arte daukate aukera, bi herrietako AEK euskaltegietara deituta, mezua idatzita edo bertaratuta. Azaldu dutenez, oso leku gutxi geratzen da dagoeneko.
Horrez gain, zita bana izango da biharkoan, bi herrietan. Hernanin, hirugarrenez bilduko da Korrika Batzordea, prestaketekin jarraitzeko. AEKn bertan egingo dute bilera, arratsaldeko 18:00etan hasita.
Korrikaren aurkezpena bihar, Astigarragako Ikatza tabernan
Astigarragan, aldiz, Korrikaren aurkezpena egiteko hitzordua jarri dute biharko. Ikatza tabernan aurkeztuko dituzte aurtengo Korrikaren nondik norakoak, iluntzeko 19:00etatik aurrera.