Asteburu gozo-gozoa izan da bailarako goi-mailako pelotarentzat. Izan ere, oso garaipen garrantzitsuak lortu dituzte, Endika Barrenetxea hernaniarrak erremontean, eta Iker Salaberria eta Alize Sagardui goizuetarrek eskuz.
Buruz Buruko Masters Txapelketaren finalera sailkatu da Barrenetxea, semifinaletako ligaxkaren azken partidua irabazita: 30-15 menderatu zuen Aritz Juanenea. Berdinduta izan ziren biak hasieran, baina 9-7 aurretik zela, sekulako takada hasi zuen hernaniarrak: 21-8koa jarri zuen markagailuan, eta 15 tantora haunditu zuen aldea (25-10). Peloteoan erakutsi zuen bere jokorik onena Barrenetxeak, eta maila horretan aritu beharko du finalean, Imanol Ansa urnietarra menderatu nahi badu: larunbat honetan, 16:30etan Galarretan.
Iker Salaberriak, bere aldetik, B serieko Binakako Txapelketaren semifinaletan aritzeko txartela lortu du, Andoni Gaskue ultzamarrarekin batera. Play offeko aurreneko partidua galdu ondoren, bigarren aukera zuten larunbatean, Azkoitin; eta ez zuten alperrik galdu: 22-12 menderatu zituzten Unai Amiano eta Iosu Eskiroz. Orain, Peña II-Salaverri II, Murua-Gabirondo eta Dario-Loza bikoteak izango dituzte kontrario, semifinaletako ligaxkan.
Eta semifinaletarako txartelaren bila ari da Alize Sagardui ere, Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketan, elite mailan. Enara Gaminde laukiztarrarekin batera, garaipen garrantzitsua lortu zuen igandean, Etxebarrian: 22-18 menderatu zituzten Amaia Aldai eta Andrea Capellan. Hil ala bizikoa zuten kasik, eta partidu gogorra jokatu zuten puntua lortzeko.
Egunez egun hobeto ari dira elkarrekin, eta bizi-bizirik iritsiko dira azkeneko asteburura, semifinaletarako lau txarteletako bat lortzeko. Une honetan laugarren postuan daude, gainerakoek baino partidu bat gutxiago daukate jokatuta: bi partidu irabazi eta bi galdu dituzte. Puntutan berdinduta daude Ruiz de Infante eta Mendizabal bosgarrenekin, baina haiek bi partidu irabazi eta hiru galdu dituzte. Aurretik, berriz, Ibarrola eta Erasun dira hirugarren, hiru irabazi eta bi galduta. Arrizabalaga-Bergara (5-0) eta Aldai-Arrillaga (4-1) bikoteek ziurtatuta daukate txartela.
Gauzak horrela, bereziki asteburu erabakigarria izango da datorrena Sagarduirentzat eta Gaminderentzat, bi partidu baitauzkate jokatzeko: ostiralean Ortuellan, eta igandean Igorren. Bietako bat irabaztea nahikoa izan dezakete aurrera egiteko.