Eusko Jaurlaritzak jendaurrean ikusgai jarri du Hernaniko lurretako 'Ikatz Gane' proiektu eolikoa

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 23a

Proiektuaren planoetako bat, kokalekua islatzen duena.

Enigma Green Powerrek sustatutako proiektua da, bost aerosorgailu jartzeko, 40,7 milioi euroko aurrekontuarekin. Hilabeteko epean aurkeztu daitezke alegazioak, proiektuari aurretiazko administrazio-baimena eman aurretik.

Proiektuaren dokumentazio guztia hemen ikusi daiteke.

Prozesu administratiboan aurre­ra jarraitzen du Hernaniko lurretan proiektatutako 'Ikatz Gane' parke eolikoak, Enigma Green Powerrek sustatuta. Izan ere, gaur jendaurrean ikusgai jarri du proiektua Eusko Jaurlaritzak, aurretiazko administrazio- baimena eman ahal izateko.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak eman behar dio administrazio-baimen hori proiektuari, eta horretarako, ezinbesteko tramitea da jendaurrean ikusgai jartzea proiektua bera eta ingurumen inpaktuaren azterketa.

Euskal Herriko Agintaritza­ren Aldizkarian argitaratu dute iragarkia gaurkoan, eta horren arabera, 40,7 milioi euro pasatxoko proiektua da Enigma Green Powerrek (Endesarekin lotutako enpresak) Hernaniko lurretarako aurkeztu duena, Ara­norekin mugan, Garagartzako mendilerroan. 4,99 megabatio­ko bost aerosorgailu lirateke, dener­a 24,95 megabatioko potentziarekin. 112 metroko altuera izango lukete aerosorgailuek, eta errotoreek 175 metroko diametroa. 30 kiloboltioko sekzionamendu-zentro bat ere aurreikusita dago, hori ere Hernaniko lurretan; eta 7,425 kilometroko aireko eta lurpeko linea elektriko bat, sekzionamen­du-zen­trotik azpi­es­tazio elektrikora.

Herritarrek 30 eguneko epea daukate alegazioak aurkezteko, bihartik hasita, EAEko Administrazio Publikoaren erregistro elektroniko orokorraren bitartez (euskadi.eus/erregistro-elektroniko-orokorra).

Proiektuaren dokumentazio guztia hemen ikusi daiteke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!