Gorde zituzten jantziak zomorro aranoarrek, eta erre zuten sardina hernaniarrek. Baina azkeneko festa egun bat izango dute Inauteriek bailaran, datorren urtera arte agurtu aurretik: Kontuen eguna dute gaurkoa Goizuetan, eta Kaldereroen konpartsa aterako da Astigarragan.
Eguerdian piztuko da giroa goizuetarren artean, mozorroak poteora ateratzearekin batera. Txapel gorriek jarriko diote kolorea egunari, eta Igandea txarangak erritmoa. Haren doinuen airera egingo diete errepasoa aurtengo Inauteriei. 12:30etan hasiko dute poteoa, eta bazkaltzera joango dira 14:30etan. Txarangak girotuko du arratsaldea ere, 17:30etan kalera bueltatuta, Karnabalei errematea jartzeko.
Hain juxtu, ordu horretan jarri du hitzordua Kaldereroen konpartsak Astigarragan, 17:30etan, Inauteriak bukatzear direla iragartzeko. Ergobiko plazan elkartuko dira, eta bertatik abiatuta osatuko dute kalejira herrian barrena, zartagiei mailu-kolpeka, umoretsu. Emakumeon plazan bukatuko dute ibilbidea, eta afaria egingo dute ondoren, Zipotza elkartean.