Erriberan jokatuko dira eskualdeko haurren xake txapelketak, hilaren 19an

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 12a

Eskualdeko haurrak, eskolarteko taldekako txapelketan.

Buruntzaldea eta Donostialdea mailako txapelketa izango da, infantil, alebin eta benjamin mailetan.

Protagonismo haundia ari da hartzen Astigarragako Xake Kluba, eskualdean xakea sustatzeko ahaleginean. Klubeko helduen lau talde liga ofizialetan lehiatzen ari diren bitartean, haurrentzako torneoak antolatzen ari da buru-belarri.

Hori horrela, bere gain hartu du Buruntzaldea-Donostialdeako txapelketak antolatzeko ardura. Eskualdeko eskolarteko txapelketa antolatu zuen urtarrilaren bukaeran, taldeka, alebin eta benjamin mailetan. Astigarragako, Hernaniko, Urnietako, Andoaingo eta Donostiako 25 neska-mutil aritu ziren taldekakoan, eta partida azkar eta dinamikoen formatuan jokatu zuten txapelketa. 

Benjaminetan, etxean geratu zen garaipena: Astigarragako Xake Klubak Andoaingo Agustin de Leiza menderatu zuen. Alebinetan, berriz, Gros Xake Taldea izan zen nagusi, astigartarrei irabazita. Edonola ere, bi taldeak aurrez aurre ariko dira berriro, maiatzean, Gipuzkoako finaletan. Probintziako gainerako taldeekin batera ariko dira, Euskadiko Txapelketarako txartelaren bila. Pasaian jokatuko da Euskadikoa, maiatzaren bukaeran.

Eskualdeko banakakoan aritzeko, izenematea zabalik

Taldekakoren ondoren, Astigarragan jokatuko da Buruntzaldea-Donostialdeako banakakoa ere. Otsailaren 19an izango da hori, datorren ostiralean, Erribera kulturgunean. Arratsaldeko 17:30etan hasiko dira partidak, eta hiru mailatako xakelariak ariko dira: infantilak, alebinak eta jubenilak.

Bertan parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, astigarragaxake@gmail.com helbide elektronikora idatzita. 2012 eta 2017 urteen artean jaiotako eskualdeko haur guztiek hartu dezakete parte, eta doakoa izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!