BB2B izeneko ekimena jarri du martxan Beterri-Buruntza Mankomunitateak, eta horren bitartez, doako formakuntza saioak eskainiko ditu eskualdeko enpresentzat. Azaldu dutenez, helburua da enpresei eskaintzea «gaur egungo erronka eta joera estrategiko nagusien inguruko ezagutza eguneratua, erabakiak hartzea errazteko eta testuinguru ekonomiko eta sozial aldakorrera egokitzeko gaitasuna indartzeko».
Online izango dira formakuntza saio guztiak, eta bihar bertan egingo dute aurrenekoa, zibersegurtasunari buruzkoa, goizeko 09:00etatik 11:00etara. Hilaren 26an, berriz, landuko dute pertsonen arloan enpresek pairatzen duten absentismoa. Horietan parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik, internet bidez: beterriburuntza.binovoerp.es webgunean dago horretarako aukera.
Otsailerako bi saio prestatu dituzte, baina hortik aurrera hilabetero saio bana izango da, hileko bigarren ostegunean. Horrela, dagoeneko jarri dute martxorako hitzordua ere: enpresen iraunkortasunari eta jasangarritasunari buruz ariko dira martxoaren 12an, 09:00etan hasita.
Ekimenari edota formakuntza saioei buruz informazio gehiago jasotzeko, harremanetan jarri daiteke Beterri-Buruntza Mankomunitateko Enpresa eta Sustapen sailarekin: 943 24 45 23 telefonora deituta, edota enpresa@beterriburuntza.eus helbide elektronikora idatzita.