Ez ba, ez zuen Astigarragak egin aurrera, Buruntzaldeko finalera, Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketan. Hala argitaratu genuen atzo papereko Kronikan, baina Hernani I taldeak irabazi zuen Kixkal tabernako kanporaketa, eta hortaz, herriko bi talde ariko dira eskualdeko finalean: Hernani I eta Hernani III. Martxoaren 14an izango da hori, Xoxokako elkartean.
Atzo goizean goiz jaso genuen aurreneko mezua: «Nola irabaziko digu ba Astigarragak?». Umoretik eta pike sanotik baduela Herriarteko Txapelketak... Eta tira, gauza bat garbi xamar daukagu: atzoko hankasartzeak emango ziela koplatarako gaia (eta motibazio extra) bertsolari hernaniarrei.
Zenbat bertso jarri ote dizkigute dagoeneko? Ez ezazuela gaizki hartu sikiera, batere maliziarik gabe idatzitakoa baitzen atzoko notizia. Eta entrenatzen jarraitzeko lanak erraztu dizkizue gainera. Ez dadila izan Hernaniko bi talde hiruko finalean aritu eta zubietarrek edo lasartearrek lortuko dutela bigarren faserako txartela...