Honezkero bailarako herritarren belarrietan tintin egiten ariko dira mailu kolpeak zartagietan, zomorroen jantzien txintxarri eta 'kaxkabilu' doinuak, eta Iñude eta Artzaiei erritmoa markatzen dien «paraban-paran-paran-paran-paran-parabaraban» alaia.
Mota eta kolore guztietako pertsonaia, dantza, abesti eta elementuekin, asteburu berezia izango da hau, Urumea bailarako Inauteriei hasiera emango diena. Egun haundia dute gaurkoa Aranon, 'iñotiak' ospatzen goiztiarrenak izango baitira, beste urte batez. Goizean goizetik ibiliko dira auzoz auzo zomorroak puxka biltzen, 08:00etan Beltsoko Bordan elkartuta, Izer eta Alabier trikitilarien laguntzaz. Herriko elkartean egingo dute bazkaria, eta kantuan alai aritu ondoren, zahagi dantzaren txanda izango da 17:30etan. Gauean borobilduko dute festa: herri afaria egingo dute elkartean, 'Auskalo zeñek jarriyak' bertso emanaldiak girotuta, Eñaut eta Unai Agirre anaien, Imanol Kamioren eta Joanes Illarregiren eskutik.
Gaur iluntzean hasiko dira kantu bereziekin Hernanin ere, 17:30etan aterako baita Kaldereroen konpartsa Elur Txoritik, Hernaniko Inauteriak ere hastear direla iragartzera. Kaxkoan barrena osatuko dute kalejira zaratatsua, mailuak hartuta ingudeari eta zartagiei kolpeka. 19:00ak aldera bukatuko dute, txokolatada goxoarekin; eta afaria egingo dute ondoren, Elur Txorin bertan.
Doinu alaiek segida izango dute bihar Hernanin, zita bikoitzarekin. Batetik, Iñude eta Artzaien konpartsa aterako da 11:45etan, Urumea ikastolatik.