Tentsio eremu izendapenaren inguruan hitz egin du Sindikatuak

Libe Murua Masid 2026ko otsailaren 6a

Izendapenaren ondorioez eta jabeen «gehiegikeriez» aritu dira, eta honen aurrean «elkarrekin antolatzeko» deia zabaldu dute. 

Argitaratu berri da Estatuko Boletin Ofizialean Hernani etxebizitza eremu tentsionatu gisa, Tolosa eta Lezorekin batera. Honen aurrean, Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuak bere ikuspuntua plazaratzeko prentsa oharra kaleratu du.

Ikuspuntua plazaratzearekin batera, izendapen honen eraginkortasuna eta xehetasunak aztertu dituzte. 

Lehenik eta behin, izendapen honek etxebizitzen salerosketan «eraginik ez duela» azpimarratu du sindikatuak. Alokairuari dagokionez, errenta mugak bi kasuistiketan eragingo duela azaldu dute: «Etxejabea haundia den kasuetan, hau da, jabeak bost etxebizitza baino gehiago dituen kasuetan eta etxebizitza azken bost urteetan alokatu gabe egon den kasuetan». 

Aitzitik, ezberdina da alokairuan dauden jabe txikien etxebizitzekin. Sindikatuak dio azken hau dela ohikoena eta neurriaren eraginkortasun eza azpimarratu dute. Hala mintzatu dira: «Kasu gehienak azken hauek dira, jabe txikiek alokairuan dituzten etxebizitzak eta mugatu egingo da igoera. Kontratu berrietan aurretik egindako kontratuaren baldintza berak errespetatu beharko dira. Hau da, orain arte 800 euro ordaintzeko larri ibili bazara, eta kontratua berritu behar baduzu, ba, aurrerantzean ere 800 euro ordainduko dituzu, besterik gabe».  Hare gehiago, «zure etxejabeak urtero igo diezazuke alokairuaren errenta IPCaren edo IRAVaren arabera», hori aldatu ez dela azaldu dute eta kontratu berrietan ere aplikatzen dela igoera hori. 

Aldaketa bakarra dagoela dio Sindikatuak, zehazki kontratuaren luzapenarekin lotua dagoena: «Orain arte, kontratua sinatzean bost urte egon zintezkeen etxe horretan, eta kontratua beste hiru urtez luzatu. Tentsio eremuetan, beste hiru urtez ere ahalko da luzatu kontratua».

Errealitatea bestelakoa dela adierazi du Sindikatuak: «Badirudi etxejabe asko ez daudela prest euren irabazien gaineko mugak onartzeko». Sindikatuak eskaintzen dituen aholkularitzetan etengabe ikusten dituzte kasuak. Horregatik, etxeko jabeak alokairuaren errenta igo nahi badu, ez badu kontratua berritu nahi edo edozein zalantza izanez gero, Sindikatuak beraiekin harremanetan jartzeko deia egin du: «Jabeen gehiegikerien aurkako defentsarik onena elkarrekin antolatzea baita».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!