Aurtengo Kinkea promozioak Aitor Etxeberria Egiguren artistaren lanak bildu ditu. Joan den asteartean elkartu ziren Etxerat elkarteko kideak Oialume Zar sagardotegiaren atarian, horiek aurkezteko. Promozioaren 9garren urtea da, eta euskal presoen dispertsioa «bukatu bazen ere», lanean jarraitu behar dela azaldu zuten: «Lanean jarraitu behar dugu berandu baino lehen, preso, iheslari eta deportatu guztiak etxean izateko».
2018an sortu zuten Kinkea, Etxeratek senide presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia bere gain hartu zituenean. Erabaki hura «erronka garrantzitsua» izan zela azaldu zuten, zeinak nahitaez plangintza ekonomiko eraginkor bat martxan jartzea eskatu baitzuen. Eta hain zuzen, Kinkea izan zen plana garatzeko «zutabe garrantzitsuena».
Geroztik, bederatzi urte hauetan artista ezberdinak pasa dira promoziotik, helburu berberarekin: Etxerat elkartearen behar ekonomikoei aurre egitea. Aurten Etxeberria Egiguren izan da bidelagun, eta lau artelan prestatu ditu Kinkearako: Morphosis seriearenak dira lauak, eta udaberriko, udako, udazkeneko eta neguko promozioetan banatuko dira.
«Milaka pertsonak Kinkearen konpromisoa» hartu izana ere nabarmendu zuten; izan ere, «bestela ekimenak ez zukeen ezertarako balioko». Bederatzi urte hauetako lana elkartasunari bide emateko modua ere izan dela adierazi zuten: «Beste behin ere, herri honen elkartasuna funtsezkoa izan da presoen eta senideen aldeko lana zorroztu ahal izateko. Bederatzi urte hauetan, euskal preso, iheslari, deportatu politiko eta haien senideekiko elkartasunari bide eman diogu».
Ohi moduan, 25 euroren truke ilustrazioa eskuratzen duen bakoitzak zozketa batean parte hartzeko boleto bat jasoko du. Zozketak martxoaren 21ean, ekainaren 21ean, irailaren 21ean eta abenduaren 21ean egingo dira, eta banatutako boleto guztiak sartuko dira zozketan: 20.000 euroko sari bat, 5.000 euroko bi sari, 1.000 euroko 10 sari, 300 euroko 40 sari eta 100 euroko 60 sari zozketatuko dira.