Bailarako bolariek ezin, Bikotekakoaren finalean

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 4a

Tiraldi erabakigarritik kanpo geratu ziren bailarako bikote guztiak, Aiako bolatoki zailean.

Esku hutsik eta bere onena eman ezinda bueltatu dira Urumea bailarako bolariak, Gipuzkoako Bikotekako Txapelketaren finaletik. Aiako bolatoki zailean jokatu zuten igandean, eta tiraldi erabakigarritik kanpo geratu ziren bailarako bikote guztiak.

Emakumezkoetan hirugarren izan ziren Rosa Santos astigartarra eta Martxeli Kanflanka ereñotzuarra. 47 brila bota zituzten finalaurrekoan, eta pasea lortzetik zortzi brilara geratu ziren. Goretti Belokik eta Elena Aldazek jantzi zuten txapela, tiraldi erabakigarrian 76 brila pilatuta, Pake Galdosen eta Naiara Peñagarikanoren (65) aurretik.

Gizonezkoetan, berriz, lau onenek egin zuten aurrera final haundira, eta urruti xamar geratu ziren bailarakoak: Mikel Arroio eta Benito Loitegi seigarren (53 brila), Ibon eta Aner Miner zazpigarren (50), eta Joxe Mari eta Ander Etxebeste 10garren (46). 64 brilatan izan zen sailkatzeko langa. Final haundian, Jesus Morales eta Txema Fernandez izan ziren txapeldun (96 brila), Itoitz Alustizari eta Patxi Arrondori (91) aurrea hartuta. 

Igande honetan bertan hasiko dute Lehendakari Txapelketa, Lasarte-Orian. Lau tiraldi izango ditu denera, eta Ereñotzun jokatuko da hirugarrena, martxoaren 1ean. Zerainen (otsailak 22) eta Zegaman (martxoak 8) izango dira beste biak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!