Bailarako etxe guztiak kantuz pozteko eguna da gaurkoa, Santa Ageda bezperako koplekin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko otsailaren 4a

Arratsalde hasieran jarri dute zita ereñotzuarrek, santa eskean ateratzeko.

Oles egiteko hitzorduak jarri dituzte arratsalderako Hernanin, Astigarragan, Goizuetan eta Ereñotzun, eta eskoletan ere ospatuko dute egun seinalatua goizean.

Ohitura zaharrek badute oraindik ere segida, zorionez; eta gaurko eguna aukeratu dute Urumea bailarako herritarrek, beste behin, etxe guztiak kantuz pozteko. Santa Ageda bezpera da gaurkoa, eta oles egitera aterako dira Hernanin, Astigarragan, Ereñotzun eta Goizuetan.

Arratsalderako jarri dituzte hitzorduak herri guztietan. Hernanin, Kaxkoan zehar ibiliko dira abesbatzak eta txistulariak, iluntzera arte. Ohitura Zaharrak taldeak, esaterako, 17:45etan jarri du elkartzeko zita, Milagrosan. Abesbatza bakoitzak bere bidea osatuko du, baina denek bat egingo dute 19:00etan, azkeneko urteotako joerari eutsiz: ekitaldi bateratua egingo dute Plazan, Ohitura Zaharrak taldeak, Goiz Eguzki abesbatzak, Kantuz abesbatzak eta Hernani Musika Eskolako abesbatzak. Herritar guztiei luzatu diete gonbitea «kantu giroan ekitaldiarekin bat egiteko».

Astigarragan, berriz, arratsaldeko 18:00etan hasiko du bere kalejira Aiztondo abesbatzak. Foru Plazatik abiatuko dira santa eskean, eta haiekin batera aritzeko deia egin diete herritarrei.

Goiztiarragoak izango dira ereñotzuarrak, 16:00etarako jarri baitute Ur Mia elkartean biltzeko hitzordua. Puntual-puntual ez dira aterako akaso, baina ederki alaituko dituzte auzune guztietako baserriak eta etxeak, kopla kantari, iluntzera arte. Larre Gainen afalduta borobilduko dute arratsalde ederra.

Eta girorik ez da faltako Goizuetan ere. Baserritarrez jantzi, eta 18:30etan herriko plazara gerturatzeko gonbitea luzatu diete adin guztietako herritarrei, elkarrekin kantuan aritzeko.

Eskolen txanda, goizean

Arratsaldean izango dira hitzordu nagusiak, baina ordurako makina bat kopla zabalduta izango dira bailara osoan. Izan ere, goizean ospatuko dute Santa Ageda bezpera eskoletan. Hernaniko Urumea ikastolak, esaterako, jakitera eman ditu bere errondaren nondik norakoak. LH3, LH4 eta LH5 mailetako ikasleak aterako dira santa eskean, eta Zaharren Egoitzako egoiliarrei bisita egingo diete aurrena, 10:30etan. Ondoren, Kaxkoan barrena egingo dute buelta (Plaza, Portalondo, Kixkal, Biteri...), eta eguerdiko 12:00ak aldera bukatuko dute eskolako patioan.

Koplak bihar ere Astigarragan, Musika Eskolako gaztetxoekin

Biharko egunez ere ez da faltako kantu sortarik Astigarragan. Izan ere, Santa Agedako koplak abestuko ditu Norberto Alman­doz musika eskolako haur abes­­batzak, Kontxa Etxeberria plazan, Erribera kulturgunearen aurrean. Arra­tsaldeko 18:15etan ha­si­­ko du­te emanaldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!