Hezeguneen Nazioarteko Eguna da biharkoa, eremu natural horiek daukaten garrantzia aldarrikatzekoa. Eta horren atarian, argazki bateratua egin dute Hernaniko hiru eskolatako ikasleek, Ave Mariako urmaelaren ondoan. Horrela, elkarrekin ospatu zuten Elizatxo, Langile eta Urumea ikastoletakoek.
Hitzordu berezia da Hezeguneen Eguna, Urumea bailara osoan. Izan ere, azkeneko urteotan lanketa polita egin dute horien bueltan, eskoletan zein herritarren artean. Eskoletako Urmaelen Sareko kide dira Hernaniko Elizatxo, Langile, Urumea eta Aratz ikastolak, Ereñotzuko Txirrita eskola, eta Astigarragako Herri Eskola. Hainbat proiektu landu eta urmael sortu dituzte azkeneko urteotan, eta lanketa horretan ari dira aurten ere.
Gainera, aitzindari izan zen Ereñotzu: urmaelak sortzen aurrenekoak izan ziren Txirritako haurrak, gurasoak, irakasleak eta Ereñotzuko auzotarrak. Zepadiko putzuak sortu zituzten Epelen, 2013ko urrian.
Hernanin, berriz, eskolek elkarlanean sortu zuten Ave Mariako urmaela, 2024ko udazkenean, herritarren auzolanarekin batera. Eta Astigarragakoa izan da urmael sareko azkenekoa, oraingoz: joan den urtean sortu zuten, Andre Gobadarien ibai parkean.