Ostegun arratsaldean elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik eta Bianditz Domiko Bizirik herri ekimenetako kideak Lintzirineko eta Chillida Leku ondoko Repsoleko gasolindegien atarian. Bertan, Repsolen «praktika ekozida eta kolonialak» salatu zituzten pankarta eta oihu artean.
Adierazi zuten, enpresa honek hamarkadak daramatzala mundu osoan zehar «bizitza suntsitzen»: «Ezagutzen dugun enpresa kutsakorrenetako bat izateaz gain, hegoaldeko zapaldutako herrietan txikizioak egiten jarraitzen du gaur egun ere, bertako herriak eta ingurune naturalak suntsituz».
Repsoleko kontseilari ordezkaria den Josu Jon Imazen azken agerraldia ere salatu zuten: «Hilabete honen hasieran denok ikusi dugu Josu Jon Imaz Trump-en mesedetara lanean, azken honi eskerrak ematen Venezuelako hiriburua bonbardatu eta bertako presidentea bahitzeagatik, bertako ondasunak lapurtzen jarraitzeko».
«Erregai fosilen negozioan sakontzen duen bitartean, multinazional bera da Artikutza, Arano, Goizueta, Hernani, Lesaka eta Oiartzun inguruko mendiak txikituaz kapitala metatzen jarraitu nahi duena, oraingoan 200 metroko altuerako haize errotez osatutako makro zentral eolikoak jarriaz», azaldu zuten.
Argi adierazi zuten ez dutela onartuko horrelako proiekturik: «Hau ez da guk egin nahi dugun ibilbidea, Repsol bezalako multinazionalen proiektuei irmoki ezetz esatea beharrezkoa da. Makroproiekturik ez hemen ez iñun!».