Aurrematrikulazioa egiteko ordua iritsi da Euskal Autonomia Erkidegora. Bakoitzaren hezkuntza moldearekin gehien uztartzen den ikastetxea aukeratzeko unea. Badago non ikasi gure bailaran, hezkuntza zentroak baitaude Astigarragan, Hernanin eta Ereñotzun.
'Herrian bizi, herrian ikasi'
'Herrian bizi, herrian ikasi' leloa darabil Hernaniko Udalak. Honekin, hernaniarrek kanpora ikastera joateko beharrik ez dutela gogoratu nahi izan du, bertan ikasteak «abantaila asko» dituelako, eta bereziki, «kalitatezko» irakaskuntza hautatu daitekeelako.
Horrela ba, bailaran aukera anitza dago eta hezkuntza zentro ezberdinetara hurbiltzeko aukera zabalik dago.
Herrian dagoen eskola bakarra da eta 725 ikasle hartzen ditu
Astigarragan ikasketak burutzeko aukera bakarra dago: Astigarragako Herri Eskola. Une honetan 725 ikaslek osatzen dute ikastetxea 2025-2026ko ikasturtean, eta azaldu dutenez, urtean zehar «gero eta gehiago etortzen dira». Haur Hezkuntzan 275 ikasle daude, eta Lehen Hezkuntzan, berriz, 450 ikasle.
Herrian dagoen eskola bakarra izateak, «bereiztu» egiten dituztela azaldu dute. Gainera, herriko beste eragileekin lankidetzan ere aritzen dira.
Lehen Hezkuntzako azken mailara arte ikas daiteke Astigarragako eskolan, ondoren ikasleak inguruko ikastetxeetara bideratzen dira. Ibilbide naturala Martutenera joatea da, Arantzazuko Ama ikastetxera, eta garraioa jartzen diete ikasleei horretarako. Astigarragako DBHko eraikina egiten duten bitartean horrela izan beharko duela azaldu dute.
Haur hezkuntzatik «pentsamenduaren zirkulazio-librea garatzeko» metodologia lantzen dute, eta HH4tik aurrera ingelesa eta musika gehitzen dira ohiko praktiketara. Ikaslaguna proiektua ere badute martxan: «HH-LHko adin desberdineko ikasleen arteko interakzioa eta elkarbizitza sustatzeko proiektua». Lehen Hezkuntzan zehar proiektu bidezko curriculumaren lanketa, Innovamat proiektua eta igeriketa programa dituzte abian. Eta, gainontzean, denetariko programak dituzte martxan: jolas-gidatuak, hezkuntza digitala, hezkuntza afektibo-emozionala edota bertsolaritza.
Urumea bailararen ibai ertzean
Urumea bailararen ibai ertzean kokatzen da Hernaniko Ereñozu auzoa. Bertan dago Txirrita ikastetxea, «eskola anitza, bizia, irekia eta hezkidetza eta haurren tratu onarekin konprometitua» dagoena. Argi dute beraien printzipio nagusia inklusibitatea dela, hau da, «guztientzako eskola» izatea: «Haur bakoitzak dituen adierazteko modu ezberdin orori bide ematea bermatu nahi dugu, bakoitzari bere lekua aurkitzeko aukera emanaz». Irakasleek azaldu dute, naturarekin hazten eta hezten doan komunitatea direla, eta «goxotasuna, errespetua eta irribarrea» direla ikastolaren oinarriak.
Ereñotzuko Txirrita eskolak 54 ikasle hartzen ditu gaur gaurkoz. Taldekatzeak egiten dira ikasle kopuruaren arabera, eta horrela adin hurrenkera dutenen artean osatzen dira gelak. Gela bakoitzak izen propioa dauka, ikasleek kohesio ekintzen bidez aukeratzen dutena, adibidez: Tximeleta taldea, Izar taldea, Mendizaleak, Sukaldariak...
Ez dute ezarri ate irekietarako egun zehatzik, baina interesa duenak hitzordua eskatu dezake. Horretarako, 012089aa@hezkuntza.net helbidera idatzi edo 943 899 148 telefonora deitu daiteke. Ikasleak geletan nola dabiltzan ikusteko aukera eskaintzen du bisitak.
«Langile Ikastola denok osatzen dugu»
Hernaniko Langile Ikastolak 578 ikasle ditu ikasturte honetan, LHn 377 eta HHn 201. Langile Ikastola denek osatzen dutela azpimarratu dute: «Haurrak erdigunean izanik, familiak eta ikastolako langileok osatzen dugu Langile ikastola eta guztion lankidetzari esker goaz aurrera».
Konpetentzien araberako hezkuntza prozesua bultzatzen dute Langilen. Eta azaldu dute, ikasle bakoitzaren egoeratik abiatzen direla, «norbanakoaren ahalmenak garatzeko saiakerak egiten eta premiazkoa den kasuetan eraginez».
Ikasleen partaidetzari aukera emateko tresnak dituzte martxan: «Irakasle-ikasleen eta ikasleen arteko harremanak elkarkidetasun eta errespetuan oinarritzen dira. Hori lortzeko, eskola ordutegian eta antolaketan denbora eskaintzen zaio, ikasleen partaidetzari aukera emanaz : tutoretzak (bakarka, taldeka), bilguneak, ikasleen ordezkaritza bilerak…».
Ingurukoarekin konektatua egoteari arreta jartzen diote, «errealitatearen bila kalera ateratzen gara eta ikasgelak inguruari zabaldu». Hizkuntzen trataerari dagokionez, euskara, gaztelania eta ingelesa modu koordinatuan lantzen direla azaldu dute.
Bertan lantzen den hezkuntza ereduaren zenbait ezaugarri azpimarratu dituzte: «Eskolako kideen arteko errespetuan oinarritzen da, heziketa prozesu integral gisa ulertzen dugu, hezkidetzan hezten da, ingurumenarekiko errespetua sustatzen da, ikasketa esanguratsua eta funtzionala bultzatzen da, inklusiboa da, herrian txertatuta dago, euskalduna da, komunitatearen prestakuntza iraunkorra sustatzen du eta eredu parte-hartzailea sustatzen du».
Ate irekiak egin dira aste honetan, baina bertara joatea ezinezkoa izan duten familiek aukera izango dute 943 89 91 85 telefono zenbakira deituta.
«Ikaslegoaren aniztasuna eta inklusioa ditugu oinarri»
Elizatxo Ikastola Haur eta Lehen Hezkuntzako bi lerroko ikastetxea da. Gaur egun, 334 ikasle daude matrikulatuta, 128 ikasle Haur Hezkuntzan eta 206 ikasle Lehen Hezkuntzan.
Ikaslegoaren «aniztasuna» eta «inklusioa» dituzte oinarri, eta horregatik, ikasketa prozesua ahalik eta gehien pertsonalizatzen saiatzen dira: «Haur eta familia bakoitzaren egoera eta ezaugarrietatik abiatuz ikasketa prozesua ahalik eta gehien pertsonalizatzen dugu beharrezkoak diren neurri eta koordinazioak martxan jarriz».
Haur Hezkuntzaren metodologia «mugimendu autonomoan» oinarrituta dago. Ikasturte honetan psikomotrizitate proiektua martxan jarri dutela azpimarratu dute, eta horretarako gidari lanak egiten dituela Nahikari Acuña Martínez psikologo eta psikomotrizistak.
Lehen Hezkuntzan, berriz, proiektuetan oinarrituta dago lehen zikloko metodologia. Bigarren eta hirugarren zikloetan «ikas-egoeren bidez lana egiten da». «Pentsamendu konputazionala curriculumaren barruan integratua daukagu Haur Hezkuntzako 4 urtetatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arte», azaldu dute. Eskoletako Urmaelen Sareko partaideak izatearekin batera, bertan proposatutako ekintzetan parte hartzen du ikastetxeak.
Ate ireki pertsonalizatuak Urumea ikastolan
Hernaniko Urumea Ikastola 185 ikaslez osatzen da, 47 ikasle Haur Hezkuntzakoak eta 138 Lehen Hezkuntzakoak. Azaldu dutenez, duela urte batzuk zuzendaritza proiektu berri bat aurkeztu zuen irakasle talde batek, eta gaur gaurkoz, proiektu hartan zehaztutako ardatzak mantentzen dira. Ardatz nagusiak dira ongizate emozionala, euskara eta euskal kultura, talde lan koordinatua eta komunitatearen partaidetza.
Oinarri hauek Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan aplikatzen dira. HHn abiapuntua «mugimendu autonomoa» da, hau da, «haur guztien garapen osoa eta orekatua lortzen laguntzea» da xedea. Horretarako, familiekin lankidetza estuan jarduten dutela azaldu dute, «ikaskuntza aktiboa eta autonomoa baimenduz eta jolasean oinarrituz». «Heldua bidelagun izango da segurtasuna emanez eta testuinguruak sortuz, horrela, ikasgelak horretara moldatu ditugu», diote.
Lehen Hezkuntzan xedea da, «norbanakoen erritmoa errespetatuz eta lankidetzan arituz» ikaskuntza prozesuan aurrera egitea. «Ikasteko kooperatu eta kooperatzen ikasi».
Informazio gehiago nahi duenak eta eraikina barrutik ezagutu nahi duenak aukera izango du. Ate ireki pertsonalizatuak eskainiko dituzte, ordutegi malguarekin, goizez zein arratsaldez. Interesa duenak ikastolarekin harremanetan jartzea besterik ez du.
«Herritik sortua eta herriarentzat eraikia den proiektua»
Hezkuntza proiektu «kooperatibo eta errotua» da Aratz Ikastola, «herriarekin eta familiekiko lotura estuan hazten dena». 338 ikaslez osatzen da gaur egun Aratz: Haurreskolan 18 ikasle, HHn 92, LHn 136 eta DBHn 92.
Ikasle bakoitza «erdigunean» jartzen dutela azaldu dute, helburua izanik «haurren zein nerabeen garapen pertsonala, soziala eta akademikoa modu orekatuan lantzea».
Metodologiari dagokionez, «etapaz etapako» hezkuntza ibilbidea dute ardatz, maila bakoitzean gaitasun ezberdinak garatzeari arreta jarriz.
Eskola txikia da Aratz, eta hori indargune bezala identifikatzen dute: «0-16 urte bitarteko hezkuntza eskaintzen dugu, eta tamaina txikiari esker denok elkar ezagutzen dugu, hurbiltasuna eta jarraipen pertsonalizatua bermatuz».
Guraso eta irakasleen artean etengabeko harremana lantzen da, eta elkarrekin hartzen dituzte erabakiak. «Herritik sortu eta herriarentzat eraikitako» proiektua dela azaldu dute, hortaz, ikastolaren ardatzak dira gizarte partaidetza eta erantzukizuna.
Ikastolak indargune gehiago ere badituela azaldu dute, besteak beste, «ikastola euskalduna izatea, Ikastolen sareko kide izatea, irakasle egonkorrak bermatzea edota hezkuntza eraldatzailea oinarri izatea».
Gaur egingo dira ate irekiak Aratz ikastolan, ikastolaren hezkuntza proiektua, eguneroko dinamika eta instalazioak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiz. Baina, joaterik ez duenak, aukera izango du beste egun baterako txanda eskatuz. Ate ireki pertsonalizatuak ere egingo dituzte, beraz, interesa duenak ikastolarekin jarri behar du harremanetan.