Aian izango dute urteko aurreneko hitzordu nagusia bihar, Urumea bailarako bolariek. Izan ere, bertan jokatuko da Gipuzkoako Bikotekako Txapelketaren finala, goizeko 10:00etan hasita. 10 bikote ariko dira gizonezkoetan, eta lau emakumezkoetan. Eta horien artean, ordezkaritza zabala izango du bailarak.
Gizonezkoak izango dira tiraldia egiten aurrenekoak, eta horien artean dira Ibon eta Aner Miner aita-semeak, Mikel Arroio eta Benito Loitegi, eta Joxe Mari eta Ander Etxebeste aita-semeak. Ezustekorik gabe sailkatu ziren hiru bikoteak finalera, nahiz eta larri ibili ziren Etxebestetarrak, Mutiloako tiraldira lider iritsi arren: bertako bolatoki zailean ezin moldatu aritu ziren, eta zortzigarren postura erori ziren sailkapenean. Edonola ere, denak hutsetik abiatuko dira Aian.
12:00etan ekingo diote emakumezkoek, eta sailkatutako lau bikoteen artean dira Rosa Santos astigartarra eta Martxeli Kanflanka ereñotzuarra. Lehia estua zuten laugarren postu horri eusteko, eta bi brilako aldearekin lortu zuten txartela azkenean.
Bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan, finalaurreko bat jokatuko dute aurrena, eta bikote onenak sailkatuko dira final haundira: gizonezkoetan lau eta emakumezkoetan bi. 12:30etan hasiko da gizonezkoen tiraldi erabakigarria, eta 12:50etan emakumezkoena.