Astelehenean, otsailaren 2an, irekiko du Jaurlaritzak aurrematrikulazioa egiteko epea. Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleei dagokie 2026/2027 ikasturterako matrikula egitea, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan daudenei zehazki. Otsailaren 2an hasi eta 13ra arte luzatuko da, beraz, 12 egun izango dituzte bailarako haurrek datorren ikasturteko eskaera egiteko.
Kanpainak 2 urteko gelatik aurrerako ikasleei eragiten die, eskola publikoetakoei zein itunpekoei. Haur bakoitzak eskaera bakarra bete ahalko du eta nahi beste ikastetxe aukeratu, lehentasunaren arabera.
Behin behineko zerrendak martxoaren 24an argitaratuko dira, eta behin betikoak, aldiz, apirilaren 21ean.
Nola egin eskaera?
Otsailaren 2tik 13ra bitarte dago aukera aurrematrikulazioa egiteko. Matrikula ikastolan bertan edo online bidez egin daiteke. Ikastolan eginez gero, bertako bulegotik pasa behar da inprimakia jasotzera, eta behin beteta, bulegoan bertan entregatu behar da. Inprimakiarekin batera, honako dokumentazioa da entregatu beharrekoa: Familia liburuaren fotokopia, Udaleko errolda agiria, haurraren tutorearen edo tutoreen nortasun agiriaren fotokopia, haurraren argazki bat, aukeratutako ikastetxeen zerrenda eta kontu korrontea. Azkenik, inkesta pertsonal bat betetzeko eskatuko zaio familia bakoitzari, premia espezifikoei erantzuteko baliabideen plangintza egokia egin ahal izateko.
Online egiteko aukera ere badago, ikasgunea.euskadi.eus webgunean. Kasu honetan, inprimakia online bete behar da, eta ondoren beharrezkoa den dokumentazioa eskaneatu eta webgunera igo behar da.
Horrez gain, baremoko puntuak lortzeko zenbait dokumentu ere aurkeztu beharko dira.
Kontuan hartzeko datak
Aurrematrikulazioa, agiriak aurkeztu, onartu, aldatu eta berriro onartzeko prozesu baten emaitza da. Prozesu horretan zehar, garrantzitsua da zenbait data argi izatea, izan ere, epez kanpo ez da inolako agiririk onartuko.
Eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko epea otsailaren 2tik 13ra izango da online, biak barne. Aurrez aurre egiten bada, zerrendan lehen hautatutako ikastetxean aurkeztu beharko dira agiriak, ikastetxe bakoitzaren idazkaritza-ordutegian. Aukera hau ere, otsailaren 2tik 13ra bitarte egongo da zabalik, biak barne.
Eskabideak aldatu eta zuzendu nahi badira, epearen barruan egin behar dira aldaketak, hau da, otsailaren 13a bitarte. Martxoaren 4an argitaratuko da eskatzaileen zerrenda eta martxoaren 12ra arte egin ahalko dira kontsultak eta erreklamazioak.
Behin-behineko zerrendak argitaratuko dira martxoaren 24an eta apirilaren 13ra arte egongo da kontsultak eta erreklamazioak egiteko aukera.
Behin betiko zerrendak apirilaren 21ean argitaratuko dira eta zerrenda hauetako kontsultak maiatzaren 25era arte egin ahal izango dira.
«Epean nahitaezko dokumentazio guztia aurkezten ez bada, eskabidea osatu gabe geratuko da, eta ez da kontuan hartuko plazak esleitzerakoan. Bestalde, esleipenean ez dira kontuan hartuko epe barruan egiaztatu gabeko baremoko puntuak», azaldu du Eusko Jaurlaritzak.