Euskerazko rap tailerrak antolatu dituzte Buruntzaldeko euskera zerbitzuek, 11-16 urte bitarteko gazteentzat. 'Beat-eroak' izena eman diote egitasmoari, eta eskualdeko herri guztietan egingo dituzte bina saio, otsailean eta martxoan. Astigarragan, otsailaren 10ean eta martxoaren 5ean egingo dituzte saioak, biak 17:00etan Gaztelekuan. Eta Hernanin, otsailaren 24an eta martxoaren 12an izango dira, horiek ere 17:00etan Gaztelekuan.
Tailerretan parte hartzeko, gazteek ez dute inolako esperientziarik beharko, «gogoa besterik ez». Doakoa izango da, eta izenematea zabalik dago, online: euskara.buruntzaldea.eus/beat-eroak. Bertan topatu daiteke tailerrari buruzko informazio osoa ere.
Herri bakoitzean, egitura bera izango dute bi saioek. Aurrenekoan, Odei Barroso raperoaren eskutik, landuko dituzte hitzak, errimak eta mezuak, eta aukeratuko dute base musikala. Eta bigarrenean, Odei Barroso ez ezik, Telmo Trenor disko jartzaile eta musika ekoizlea ere egongo da gazteekin, eta rap kantua sortu eta grabatuko dute.
Herrien arteko lehiaketa, eta sari potoloa: bideoklip profesionala grabatzea
Gainera, herrien arteko lehiaketa ere egingo dute. Herri bakoitzak sortutako abestia entzungai jarriko dute egitasmoaren webgunean, eta herritarrek botoekin zein epaimahaiaren balorazioarekin, erabakiko dute zein den irabazlea. Sari potoloa izango du talde onenak: bideoklip profesionala grabatuko dute.
Atzo goizean aurkeztu zuten egitasmoa, Lasarte-Oriako udaletxean, Telmo Trenorrek berak, Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkateak, Estitxu Alkorta bertako Euskara Zerbitzuko arduradunak, Izar Agirretxe Usurbilgo Gaztelekuko koordinatzaileak eta Gartxot Unibaso Andoaingo Gaztelekuko hezitzaileak. Nabarmendu dute gazteei «ahotsa ematea» dela ekimenaren helburua, «bakoitzak bere hitzekin eta bere estiloan adierazteko aukera izan dezan».