Joan den astean egin zuen eskualdeko ordezkarien batzarra Goierri-Buruntzako LABek, Villabonan, martxoaren 17rako deitutako Greba Orokorra lantzeko. Bertan landutakoarekin, agerraldia egin du sindikatuak, eta «lantokiak hustu eta kaleak betetzeko» deia egin die langile guztiei, martxoko hirugarren astearte horretarako.
Eskakizun nagusia izango da «euskal langileontzat gutxieneko soldata propioa lortzea», eta oro har, baita soldatak hobetzea ere. «Bizitza garestitu da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Ondorioz, langileok eros ahalmena galdu dugu. Soldatek 2008ko pisua berreskuratuko balute, 1.523 milioi euro gehiago jasoko genituzke. Kantitate horren herena nahikoa litzateke gutxieneko soldata bermatzeko», adierazi du eskualdeko LABek.
Horren aurrean, «Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldataren beharra» aldarrikatu du, egungo soldatek ez dutelako «oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen».
«Eremu pribatuan eta publikoan, etengabe erasotzen ari dira langileon soldatak»
Zentzu horretan, salatu du Patronalak uko egin diola gutxieneko soldata negoziatzeari, eta era berean, Eusko Jaurlaritzak bizkarra eman diola Herri Ekimen Legegilearen (HEL) bideari. «Eremu pribatuan eta publikoan, etengabe erasotzen ari dira langileon soldatak. Orain, absentismoaren mantrarekin datoz murrizketa berriak inposatzera. Beraz, Greba Orokorrarekin langileon indarra erakutsiko dugu 1.500 euroko gutxieneko soldata lortzeko, arrakala matxista eta arrazistak murrizteko, soldata guztiak gorantz bultzatzeko, gutxieneko pentsioa eta prestazioak igotzeko, soldatak hemen erabakitzeko, edota Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldataren eskumenak eskuratzeko. Badugu hamaika motibo mobilizatzeko».