Abiatu da aurtengo txotx garaia, sekulako abiadan hasi dira hustutzen aurreneko kupelak, eta sagardoak ere eman du kanturako nahikoa aitzakia, kasu batzuetan hobeto, eta gehienetan okerrago. Baina tira, tarteka bertso onik ateratzen dela, eta boteprontoan baino idatziz hobeto moldatzen direla...
Kontua da kupel inguruko bertso horiek biltzeko lehiaketa jarri duela martxan Dobera Euskara Elkarteak, 'Bota Bertsoa!', beste urte batez. 12garren edizioa du aurtengoa, bertso paper lehiaketa herrikoienak.
Hernaniko, Astigarragako eta Urnietako 23 sagardotegitan izango da parte hartzeko aukera. Horietan, kutxak topatuko dituzte bisitariek, eta baita bertsoak idazteko papertxoak ere, ondoren kutxetan uzteko.
Kupelak hitz egingo balu... ene, zenbat eskandalu!
Ohi bezala, norberak nahi duen doinuan eta neurrian osatu ditzakete bertsoak partehartzaileek, baina honako gaiari erantzunez: 'Kupelak hitz egingo balu...'. Bertsoarekin batera, izen-abizenak eta telefonoa jarri beharko dira paperean, kutxan sartu aurretik.
Gainera, bertsoak emailez aurkezteko aukera ere izango da, eta bideoak, argazkiak eta mezuak ere bidali daitezke, honako helbidera: dobera@dobera.eus.
Partehartzaile guztien artean, sari mordoxka bat banatuko dituzte: bi lagunentzako otorduak sagardotegietan, sagardo kaxak, ekitaldietarako sarrerak... Ekitaldi berezi batekin egingo dute sari banaketa aurten ere, eta dagoeneko jarri dute data: apirilaren 17an izango da.