Aixita Sariketa irabazi du Eñaut Martikorenak, eta Astigarragak egin du aurrera Herriartekoko 'derbian'

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 28a

Eñaut Martikorena, txapelarekin.

Hernaniarrak 446 punturekin jantzi zuen txapela Irurtzunen, buruz burukoan Elixabet Etxandiri (439 puntu) irabazita.

Asteburu potoloa izan da joan dena, bailarako bertso munduan, bi hitzordu nagusirekin: bata Irurtzunen, eta bestea Astigarragako Ipintza sagardotegian. Bertako bertsolari bakarra aritu zen Nafarroa aldean, baina bai fin aritu ere! Aixita Sariketaren bosgarren edizioa irabazi eta txapela jantzita bueltatu zen Eñaut Martikorena, igandean. Hernaniarra 446 punturekin nagusitu zen, buruz burukoan Elixabet Etxandiri (439 puntu) aurrea hartuta. Hain juxtu, Xilabako final haundian arituko da Izpurakoa, larunbat honetan.

Unai Anda, Amaia Elizagoien, Enare Muniategi eta Mikel Lasarte izan ziren gainerako kantukideak Irurtzunen. Saio bikaina osatu zuen Martikorenak, eta gero eta erosoago aritu zen, buruz burukoan goia jotzeraino: perla ederrak utzi zituen azkeneko ariketetan.
 

Astigarraga aurrera, Herriarteko Txapelketan

Ipintzako hitzorduan, berriz, 'derbia' jokatu zuten Astigarraga eta Hernani II taldeek, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren kanporaketan, eta etxekoak izan ziren garaile. Astigarragak egin du aurrera, Iker Goñi, Urko Casado eta Axier Saralegi bertsolarien eskutik. Hurrengo kanporaketan ere, Hernaniko beste talde bat izango du aurrez aurre: Hernani I. Talde horretako partaide da, hain juxtu, Eñaut Martikorena bera, Ekain Tolaretxipirekin, Unai Agirrerekin eta Eli Pagolarekin batera. Ostiral honetan jokatuko dute kanporaketa, oraingoan Hernanin: Kixkal tabernan, 19:00etan hasita.

Hernani III taldeak (Bakarne Urreaga, Andoni Mujika 'Anatx', Xabat Pagola eta Andoni Rekondo), bere aldetik, otsailaren 6an izango du aurreneko kanporaketa, Andoainen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!