Hileko azkeneko asteartea izanik, gaur egingo dute Plenoa Hernanin eta Astigarragan. Ohiko ordutegian izango da, bi herrietan: Hernaniko Udalekoa bilduko da aurrena, 18:00etan; eta Astigarragakoa ordubete beranduago, 19:00etan.
Bilkura arina espero da Hernanikoa. Izan ere, aurreko akten onarpenaz eta dekretuen zein kontuhartzailearen txostenaren berri emateez gain, bi puntu soilik dauzkate eztabaidatzeko. Bata, Hernaniko parke, lorategi eta berdeguneen mantentze jasangarrirako, kontserbaziorako eta hobekuntzarako zerbitzuaren kontratua esleitzea. Eta bestea, Oiartzungo Udala Garbitanian sartu ahal izateko, Hernaniko Udalak uko egitea enpresaren partaidetzak lehentasunez erosteko aukerari, eta estatutuen aldaketa egitea.
Azkeneko puntu hori, Astigarragako Udalaren Plenoan ere izango dute hizpide, beste zenbait gairekin batera. Horien artean daude 2026ko udal aurrekontuaren dirulaguntzen eranskinaren aldaketa, 2026ko langileen zerrenda eta plantilla organikoa, eta Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa Arautzeko Ordenantza. Gainera, eztabaidagai izango dute herriko kirol jarduera eta instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratua ere.
Era berean, ohi bezala, Astigarragako Tokiko Gobernu Batzordea ere bilduko da gaur bertan, 18:00etan, gai garrantzitsuak jorratzeko: kiroldegia eraberritu, birgaitu eta haunditzeko obren zuzendaritza fakultatiboaren zerbitzua; 2024-2026 dirulaguntzen plan estrategikoa; Buruntzaldea Euskaraz 2026ko plana; udal zerbitzuen Nabarra Oñatz 3-5 lokalaren exekuzio eta jarduera proiektua; Grabelin kaleko auzo elkartearen exekuzio proiektua; Herri Eskolan matxuratutako gas kalderaren ordez energetikoki jasangarria den bero-ekoizpena jartzeko proiektua; eta Herri Eskolako kanpo espazioa naturalizatzeko proiektua.