Oporrak Bakean programako izen-ematea luzatu dute, otsailaren 15era

Libe Murua Masid 2026ko urtarrilaren 25a

Oporrak Bakean kanpainako aurkezpeneko irudia, Donostiako Aiete Jauregian.

Informazio gehiago nahi duenak aukera du harremanetan jarriz Hernaniko Udalaren Lankidetza sailarekin: lankidetza@hernani.eus emailera idatziz edo 943 33 70 17 telefono zenbakira deituz. 

 

Saharako errefuxiatu guneetako haurrak etxean hartzeko izenematea otsailaren 15 arte luzatu dute. Oporrak Bakean kanpainarekin bat egin nahi duten herritarrek aukera dute oraindik. Interesa dutenek edo informazio gehiago nahi dutenek, Hernaniko Udalaren Lankidetza sailera jo dezakete, Kulturarteko Plaza Feministara (Florida 28). Bestela, lankidetza@hernani.eus helbidera idatzi edota 943 33 70 17 telefono zenbakira deitu dezakete. 

 

'50 urtez gure ateak zabalik eta esperantzari eutsiz'

Oporrak Bakean kanpainaren aurkezpena egin zuten aurreko astean, hilak 17, Donostiako Aiete Jauregian. Bertan, prentsaurrekoa osatu zuten kanpainako zenbait ordezkarik eta harrera familiak. 

Oporrak Bakean kanpainaren sustraiak azaltzen hasi ziren: «50 urte dirauen borroka baten ondorio da, besteak beste, Oporrak Bakean. 50 urte betetzen dira aurten Mendebaldeko Sahara okupatua izan zenetik eta 50 urte betetzen dira ia 200.000 lagun Argeliako lurretan dagoen Tindufeko kanpamentuetan bizi zirenetik». 

Sahara «esperantza galtzen ez duen» herria dela esan zuten, «dena kontra» izanda ere, «etsitzen ez duen» herria dela. Haur sahararrak etxe eta familietan hartzean euren osasunean duen garrantzia «ukaezina» dela ere gogoratu zuten. Errefuxiatu sahararrentzat programa hau «arnas gune» bilakatzen dela azalduz. Izan ere, beraien bizi-baldintzak gaur gaurkoz, «nazioarteko laguntza humanitarioaren eta gero eta larriagoak diren muturreko klima-baldintzen» menpekoak izaten jarraitzen dutela aipatu zuten. 

Era berean, haur sahararrentzat eta haien familientzat «arnas gune» izatearekin batera, Oporrak Bakean ekimenak hemengo familiak ere «aberasten» dituztela azpimarratu zuten: «Gugandik asko ikasten duten arren, guk eurengandik ere jasotzen duguna asko da». 

Guzti honengatik da aurtengo leloa '50 urtez gure ateak zabalik eta esperantzari eutsiz', «ekimena hori ere badelako, esperantza, alegia», hau da, ekimena egingo duten azken uda» izango denaren esperantza.

Euskal Herritar orori egiten diete deia «ariketa komunitario eder honetan» parte hartzera.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!