Zuhaitz Eguna ospatzen hasi zenetik 51 urte egingo dira aurten. Urtarrilaren 31n egingo dute ospakizuna eta aurtengoan Saratsain errekaren ondora gerturatuko dira haltzak landatzera. Landaketa gunera joateko autobus zerbitzua eskainiko du Udalak, eta horretarako izen-ematea urtarrilaren 29a bitarte egongo da irekita.
Udalak azaldu duenez, aurtengo edizioa antolatzeko Hernani Burujabeko Sagarreta natur taldearen eta Mendiriz Mendi elkartearen laguntza izan du. Oraingo honetan, haltza zuhaitz-espeziea landatuko dute, ohi moduan, Joxe Legarretaren omenez.
Ospakizunean parte hartu ahal izango dute Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek eta haien etxekoek. Haurrek, heldu batek lagunduta parte hartu beharko dutela ere gogoratu du Udalak. Bestalde, behin landaketa eginda, parte-hartzaile guztientzat hamaiketakoa izango dela aurreratu du.
Autobus zerbitzua egongo da landaketa guneraino
Autobus zerbitzua eskainiko du Udalak Hernanin eta Ereñotzun. Landaketa guneraino gerturatuko da autobusa eta zerbitzua erabili nahi duenak izena eman beharko du, ezinbestean, Udalak prestatu duen Qr bidez. Goizeko 09:00etan abiatuko da autobusa Hernaniko Elkano kaletik, eta Ereñotzura iritsiko da hamar minutu beranduago. Itzulerako autobusa, 13:00etan abiatuko da Ereñotzutik Hernanira.
Zuhaitz Egunera katiuskak eta arropa erosoa eramatea gomendatu du Udalak.