«Antifaxismoa ez da zerbait berezkoa duguna, kalean eta borrokan sortu behar dugun zerbait da»

Libe Murua Masid 2026ko urtarrilaren 25a

Ander Goikoetxea hernaniarra eta Garazi Txapartegi astigartarra.

Manifestazioak deitu ditu GKSk urtarrilaren 31rako, Bilbon eta Iruñean. Autobusak antolatu dituzte eskualdetik, eta dagoeneko erosi daitezke tiketak Goiz Argi tabernan. «Faxismoren aurrean Euskal Herrian euste-horma bat» eraikitzearen garrantziaz aritu dira Ander Goikoetxea eta Garazi Txapartegi.

 

Urtarrilaren 31n mobilizazioak deitu dituzue Bilbon eta Iruñean. Zergatik da garrantzitsua egun horretan kaleak hartzea?

Ander Goikoetxea: Momentu­ak hala eskatzen duela uste du­gu. Izan ere, nahiz eta ideia erreakzionarioak hedatzen ari diren, faxismoak oraindik ez du gorputz politiko bateraturik artikulatu. Gauzak horrela, gure ustez, faxismoaren aurkako borroka legitimatzea eta zabaltzea lortzen badugu, jende askok ez du kontzientzia faxistarik garatuko. Gure asmoa da faxismoaren eta estatuen biraketa autoritarioaren aurrean euste-horma bat eraikitzea. 

Garazi Txapartegi: Kalera ateratzea eta faxismoaren aurrean indar-erakustaldia egitea funtsezkoa da. Urtarrilaren 31n milaka gaztek kaleak hartu behar ditugu, gazteriaren artean fa­xismoaren eta autoritarismo­aren aurkako kontzientzia hedatzeko, eta faxistei mezu bat bidaltzeko, atzerapauso bat eman dezaten.

 

Faxismoaren ulerkera markoa krisi kapitalistan kokatzen duzue. Zerk ezaugarritzen du gaur egungo faxismoa?

A.G: Faxismoa krisi egoeretan aktibatzen den mugimendua da, eta elite ekonomiko eta politikoen menpe dago. 'Status quo'a mantentzeko autoritarismoa era­biltzen duen joera indartzen du faxismoak, horren espresio gordinena da. Zentzu horretan, faxismoak nazionalismo erre­ak­zionarioa, indarkeria matxistaren ukazioa, etorkinen aurkako gorrotoa eta abar ditu ardatz gisa. Azken finean, faxismoak mugimendu antisistemiko bezala aurkeztu nahi du bere burua, baina egiazki eliteen agenda bete baino ez du egiten. Trump da horren adibiderik argiena. Argi dago, faxistak ez ditugula langileon eskubideen aldeko trintxeran ikusiko, ezta etxegabetzeen aurkako borrokan ere. Beraz, zeozer bada faxismoa, sistema elikatzen duen mugimendu bat da.

 

Estatuen prozesu autoritarioaz ere mintzatu zarete. Autoritarismoaren gorakadak zein ondorio ekarri ditzake?

G.T: Estatu autoritarioa faxismoaren estatu-eredu ideala da. Honen adibide dira gerra eremua prestatzen ari direnak mundu osoan. Aurrekontu militarren igoerak, soldaduskaren mehatxuak edo zuzenean gatazka armatu berriak ikusten ari gara egunero. Eta lehenagotik dator: Mozal Legea mantentzea, langile mugimenduaren aurkako errepresioa, poliziaren inpunitatea. Hau dena 'ezkerreko' gobernu baten pean. Esan daiteke faxismoari bidea egiten ari direla, eta horregatik lotu ditugu bi aldarriak, eskutik emanda datozelako.

Azkenaldian, gazteen artean modan jarri da Francorekin hobeto bizi zenaren ustea. Gazteak faxistak dira?

G.T: Esaldi horrek, 'con Franco se vivía mejor', kontakizun interesatu bat besterik ez du ezkutatzen. Haien oinordekoak eta jarraitzaileak diren Vox, Falange Española edota PP bezalako antolakundeek haien makinaria osoa jartzen dute martxan horrelako ideia erreakzionarioak jendearen buruetan sartu daitezen, propaganda, sare sozial edota bestelako hedabideen bitartez.

A.G: Gogoratu beharra dago, garai haietan protesta sozialek jasaten zuten errepresioa, milaka eta milaka gorputz kuneta zuloetan lurperatuz. Emakumea gizarteko sujetu guztiz azpiratu bat bilakatu zutela. Eta nola ahaztu: euskera debekatu eta autodeterminazio eskubidea ukatua izan zela, honen inguruan altxatzen zena gogor kolpatuz. Ez dugu uste gaur egungo gazteak faxistak direnik, baina bai eskuin muturrak geroz eta gaitasun gehiago duela bere diskurtsoa normalizatzeko, eta gizarteko sektore bat erradikalizatzeko.

G.T: Beharrezkoa da, baita ere, 'belaunaldi honekin jai dugu', 'gazteak ez dira mugitzen' eta tankerako erantzunei aurre egitea eta esatea badela ideia faxista hauei aurre egiteko prest dagoen jendea. 

 

Instituzioak faxismoari ateak irekitzen dizkiola diozue, zergatik?

A.G: PSOEren gobernua izan da azken urteetan biraketa autoritarioa gidatu eta faxismoari bide eman diona. Talde faxistak Justizia Ministerioan erregistratu dira, manifestazioak egin dituzte eta kale-mailako presentzia normalizatzea lortu dute (Nucleo Nacionalek edo Falangeak egin duten moduan); edo inpunitate osoz ekintza biolentoak eta armatuak egiten ari dira orain dela urte batzuetatik, Desokupak edo etorkinak jipoitzen dituzten beste talde batzuek egin bezala. Eta ezin dugu ahaztu faxismo mediatikoa legezkoa dela Espainiako Estatuan, bere intereseko errelato, gezur eta dis­kurtsoak hedatzen baititu. 

 

Oraindik faxismoa Euskal Herrian antolatu ez dela diozue. Nola eutsiko da orain euste-horma deritzozuen hori?

G.T: Egia da Euskal Herrian oraindik ez dela ikusi faxismoaren antolakuntza maila nabarmenik, baina zantzu batzuk agertzen doaz. Batzuek dioten ADN antifaxista hori ez da zerbait berezkoa duguna, faxismoaren aurkako borrokan gorpuztu den zerbait da. Aurreko borroka zikloa amaituta, ordea, ezin da euste-horma hori automatikoki erreproduzitu. Euste-horma hori kalean, borrokan sortu behar dugun zerbait da.

 

Zer proposamen duzue faxismoari aurre egiteko?

A.G: Gure apustua langileria iraultzaileak gidatutako klase-fronte bat osatzea da. Herri-mugimendutik eta langile-kolektiboetatik eraikitako fronte bat sortu behar dugu, estatuetatik datozen neurri antiproletarioei eta faxismoari aurre egiteko.

G.T: Horrek zenbait ezaugarri eta eginbehar dituela ulertzen dugu. Lurralde askotan antifaxismoa hein batean desartikulatuta dagoen eta faxismoa belaunaldi gazteetan hedatzen ari den garai honetan, antifaxismoa masa-joera izatea lortu behar dugu. Norabide horretan, komunistok antifaxismo berriaren zutabe izan behar dugu. Bai kale-mailan bai ideologikoki, erreakzioa eta faxismoa garaitu behar ditugu, modan jarri nahi dituzten errelato arrazistak, mitologia nazionalistak, iruditegi matxistak eta abarrak baliogabetuz.

Eta uste dugu faxismoaren eta estatuen erreforma autoritarioaren aurkako fronteak ezin duela izan alderdi parlamentarioekiko menpekoa. Kontrara, langileria bloke bezala artikulatu behar dugu, independentzia politiko eta organizatiboan oinarrituta, eta masa-dimentsioa hartu behar du. 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!