Bihar jokatuko da, Mutiloan, bolako Bikotekako Txapelketaren hirugarren tiraldia. Sailkatze fasearen azkenekoa izango da, eta erabakita geratuko dira bikote finalistak: gizonezkoetan 10 bikotek egingo dute aurrera, eta emakumezkoetan lauk. Joan den asteburuan Hernanin jokatu zen bigarrena, eta horren ondoren, bailarako lau bikote daude sailkatzeko moduan. Gizonezkoetan, Joxe Mari eta Ander Etxebeste aita-semeek lider jarraitzen dute, 169 brilarekin; Mikel Arroio eta Benito Loitegi laugarren dira (157), eta Ibon eta Aner Miner aita-semeak bosgarren (155). Dena ondobidean, finalean behar lukete. Emakumezkoetan, berriz, lehia estua daukate Rosa Santos astigartarrak eta Martxeli Kanflanka ereñotzuarrak. Muga-mugan daude, laugarren postuan, 93 brilarekin; eta ez dauzkate urruti atzeko bi bikoteak, 87 eta 86 brilarekin.