«Ezinbestekoa da txotx garaiko bisitariek gure herria eta herritarrak zaintzea eta errespetatzea»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 23a

Xabier Lertxundi, Olatz Mitxelena eta Xabier Urdangarin, kanpainaren aurkezpenean, Erribera kulturgunean.

Elkarrekin aurkeztu dute sentsibilizazio kanpaina Hernaniko eta Astigarragako udalek, Sagardogileen Elkartearekin batera, iazko leloa errepikatuta ('Gure etxean zaude, zaindu!'), bisitari kopuru haundiak dakartzan eragin negatiboak saihesteko helburuarekin: «Lekuz kanpo daude neurrigabeko parrandak eta jokabide agresibo horiek», adierazi dute,
«eredua aldatzeko beharra» aldarrikatuz.

 

Txotx garaia hasi berritan, sentsibilizazio kanpaina aurkeztu dute Astigarragako eta Hernaniko udalek, eta Sagardogileen Elkartea batu zaie aurten, bisitari kopuru haundien eragin negatiboak saihesteari begira. Hirugarrenez jarri dute martxan kanpaina, eta iazko lelo berbera izango du aurtengoak: 'Gure etxean zaude, zaindu'. Eta iaz bezalaxe, lelo hori duten felpudoak jarriko dituzte sagardotegien atarietan eta bi herrietako eraikin publikoetan.

Asteazkenean egin zuten aurkezpena, Erribera kulturgunean, Xabier Urdangarin eta Xabier Lertxundi alkateek eta Olatz Mitxelena Sagardogileen Elkarteko ordezkariak. Sagardoa bi herrietako «nortasunaren arlo garrantzitsua» dela jakinik, eta pisu ekonomiko eta kultural haundia duela ulertuta, horren eragina ez dela kasu guztietan ona nabarmendu zuten, hasteko: «Txotx garaia, zalantzarik gabe, sagardoak daukan pisuaren erakusleiho bat da, eta jendearentzat erakargarria den heinean, hori positiboa da. Baina azken urteetan herrietara iristen den bisitari kopuru haundiak hainbat eragin ditu, eta batzuk ez dira hain positiboak».

Azkeneko urteotako bisitari uholdeak «era guztietako ondorioak» ekarri dituela adierazi zuten: «Gure herrietako bizilagun asko euren bizilekuetatik kanporatuak sentitzen dira larunbat arratsaldeetan, eta udalentzat ere eragin ekonomiko haundia dakar. Arlo askotan partida garrantzitsuak gehitu behar izan dizkiogu gure ohiko aurrekontuari, zerbitzuak indartu ahal izateko; besteak beste, garbitasunean, segurtasunean eta garraioan».

 

«Urteko parranda latz hori egiteko joera ikusi dugu, eta jokabide desegoki ugari»

Horren guztiaren aurrean, txotx garaiaz gozatzeko dagoen «eredua aldatzeko beharra» azpimarratu dute alkateek: «Pandemiaren ondoren, ikusi genuen lehendik zetorren masifikazioaren joerak bere horretan jarraitzen zuela, eta txotx denboraldia luzatzen ari zela. Jende kopurua, izatez, ez da arazo bat. Baina horrekin batera, konturatu ginen ari zela sortzen festa eredu konkretu bat sagardotegien inguruan, berez sagardoaren kulturarekin zerikusirik ez daukan festa masifikatu eta agresibo xamarra. Urteko parranda latz hori egiteko joera ikusi dugu, eta jokabide desegoki ugari», azaldu zuen Xabier Urdangarin alkate astigartarrak.

Horregatik, mezua helarazi nahi izan diete txotx garaiko bisitariei: «Etortzea nahi dugu, ongietorriak dira bisitariak; baina guregana datorrenak zaindu eta errespetatu behar ditu gure herriko espazioak eta gure herritarrak. Hori ezinbestekoa da». Ildo horretatik, nabarmendu du­te azkeneko urteotan sagardotegiak «lan haundia» egiten ari direla, «produktu berriak sortzen, menua bera egokitzen eta esperientzia ezberdinak antolatzen; eta uste dugu hor dagoela benetako sagardogintzaren kultura dastatzeko eta gozatzeko aukera. Neurrigabeko parranda eta jokabide horiek lekuz kanpo daude».

Horrekin batera, gonbitea luzatu dute larunbatetan beharrean beste egunetan bertaratzeko sagardotegira: «Joera politak ikusi ditugu azkeneko urteotan, ostiral eguerdietan gero eta jende gehiago hurbiltzen, adibidez, beste patxada batekin eta sagardoak dastatzeko gogoz. Horrela izatea nahi genuke. Larunbata gozatzeko egun bat da, baina astean zehar ere badaude aukera politak».

Horren harira, Olatz Mitxelenak nabarmendu zuen sagardotegiek badutela oraindik «astean zehar jendea erakartzeko gaitasuna», eta positiboa dela «mugimendu hori sortzea».

 

«Gure etxera datorrenari gure onena ematen diogu, eta berak gure etxea errespetatzen du»

'Gure etxean zaude, zaindu' leloak «ondo» laburbiltzen du bi herrien eta herritarren «identitatea», azal­­­du dutenez: «Gure etxera da­torrenari, gure onena ematen diogu, baina era berean, berak ere gure etxea errespetatzen du». Felpudoekin batera, 'spot' bat ere osatu dute, herriak eta herritarrak zaintzeko deiarekin. Kartelak, biniloak edota lonak ere jarriko dituzte toki ezberdinetan.

Era berean, eta errespetuzko jokabidean sakonduz, nabarmendu dute ez dutela onartuko «jarrera matxistarik edo arrazistarik, ezta oro har herritarren bizikidetzaren aurkakoa denik ere». Jarrera horien aurkako protokoloak martxan dira, eta sexu-erasoen aurka telefono bidezko arreta ko­ordinatua izango dute bi udalerriek. Astigarragan, gainera, aurrez aurreko arreta ere eskainiko dute ostiral eta larunbatetan.

Azkeneko txotx garaietan, «lasaixeago»

Aurreko sagardotegi denboraldiei buruz galdetuta, alkateek azaldu zuten Hernanin 400 autobus baino gehiago iritsi zirela iaz, eta Astigarragan 15-20 zirela larunbatero. Hernanin, aurten ezarri duten erreserba sistemarekin, dagoeneko jaso dute 200 autobus baino gehiagoren eskaera.

Edonola ere, azkeneko txotx garaietan «larunbatekoa lasaitu» izanaren sentsazioa daukate bi herrietako alkateek, «astean zehar jende gehiago» bertaratuta. «Astigarragan ondo joan dira azkeneko txotx garaiak, aparteko arazo larririk gabe: borrokaren bat, hiri altzariren bat hautsita, eta zarata. Nabaritu dugu egunez ematen dela hori, eta gauez lasaitu egiten dela», azaldu zuen Xabier Urdangarinek. Hernanin, berriz, iazko txotx garaia «lasaixeagoa» izan zela nabaritu zuten Sagardo Mahaiko kideek: «Kanpaina funtzionatzen ari da», dio Xabier Lertxundik. Aurtengoarekin, elkarbizitzaren bidean beste aurrerapauso bat ematea espero dute.

 

Hernaniko sagardotegietara joateko, herriko barruko autobusa martxan gaurtik

Hernaniko Udalak iragarri du, bestalde, gaur bertan jarriko dela martxan sagardotegietara joateko herri barruko autobus zerbitzua. Apirilaren 25era bitarte izango da erabilgarri, ostiral eta larunbatetan, honako joan-etorri­arekin: Zinkoenea-Altzueta-Elorrabi-Goiko Lastola, Iparragirre, Itxas-Buru-Olaizola.

Ostiraletan 20:30etan abiatu­ko da, eta 23:30etan itzuli. Larunbatetan, berriz, 13:30etan eta 20:30etan izango dira joanekoak, eta 17:30etan eta 23:30etan bueltakoak. 2,5 euroko prezioa izango du bidaia bakoitzak, eta Mugi txartelarekin ordaindu daiteke. 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!