Istorio bereziez gozatzeko aukera izango dute astigartarrek eta hernaniarrek, gaurkoan. Izan ere, emanaldi bana izango da bi herrietan, arratsaldez.
Astigarragan, haurrei zuzendutako ipuin kontaketa saioa eskainiko du Amaia Egidazuk: 'Zakuto, zakudun gizona'. Erriberako liburutegian izango da, 17:00etan hasita, 6-8 urte bitartekoentzat. Sarrerak zozketa bidez banatu dituzte, izena emandakoen artean.
Hernanin, berriz, 'Nor naizen baneki' antzezlana izango da ikusgai, iluntzeko 19:00etan hasita, Biterin. Artedrana eta Axut! konpainien eskutik, Ximon Fuchsek zuzendu eta Harkaitz Canorekin batera idatzitako obra oholtzaratuko dute zazpi aktorek: Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga. Bi orduko iraupena izango du, eta sarrerak eskuragarri daude 10 euroan, Biterin bertan edo kultura.hernani.eus atarian.