Bailarako lau talde, bueltan den Herriarteko Bertsolari Txapelketan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 22a

Amasa-Villabonan aurkeztu zuten Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa.

Bederatzi urteren ondoren jokatuko da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Igande honetan, Astigarragan izango da kanporaketa bat, Ipintzan.

Hastera doa Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa, bederatzi urteko etenalditik bueltan. Hirugarren edizioa du, 1999an eta 2017an jokatutakoen ondoren; eta inoizko partehartze haundiena izango du: 57 talde ariko dira (aurrekoetan 24 eta 38 izan ziren), eta 100 saio baino gehiago izango dira, maiatzaren 30ean Aian jokatuko den finalera bitarte.

Horretan, ez dute hutsik egingo Urumea bailarako taldeek. Lau ariko dira aurtengoan, Astigarragako bat eta Hernaniko hiru, honela osatuta:

Astigarraga: Iker Goñi, Urko Casado eta Axier Saralegi bertsolari; Irei Lete eta Ekhi Garmendia gai-jartzaile; Olaia Lete epaile; eta Agin Laburu ordezkari.

Hernani I: Ekain Tolaretxipi, Unai Agirre, Eñaut Martikorena eta Eli Pagola bertsolari; Markel Oiarzabal gai-jartzaile; Ainara Azpiazu 'Axpi' epaile; eta Eli Pagola ordezkari.

Hernani II: Joana Tolaretxipi, Iker Ormazabal eta Joseba Agirre bertsolari; Estitxu Agirre gai-jartzaile; Aingeru Otxotorena epaile; eta Iker Ormazabal ordezkari.

Hernani III: Bakarne Urreaga, Andoni Mujika 'Anatx', Xabat Pagola eta Andoni Rekondo bertsolari; Oier Iurramendi epaile; Amaia Otxotorena gai-jartzaile; eta Andoni Rekondo ordezkari.

Lau fase izango ditu txapelketak, eta aurrenekoa izango da egitura aldetik bereziena, Gipuzkoako zortzi azpieskualdetan banatuko baitituzte taldeak: Buruntzaldea, Urola, Urola-Kosta, Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, Goierri, Donostia eta Oarso-Bidasoa. Eskualde bakoitzean zehaztu dute, bertako antolatzaileek eta taldeetako ordezkariek, nola jokatu aurreneko fase hau, orain hasi eta martxoaren 28ra bitarte. Denera 100 saio inguru izango dira bi hilabete pasatxoko tartean.

Ipintzan igande honetan eta Kixkalen urtarrilaren 30ean, aurreneko saioak

Buruntzaldeko multzoan ariko dira Urumea bailarako taldeak, eta zehaztu dituzte fase honen nondik norakoak. Hasteko, aurrekanporaketa bat jokatuko dute Astigarraga eta Hernani II taldeek, igande honetan bertan: Ipintza sagardotegian, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Prebia hori gainditzen duenak, ur­tarrilaren 30ean izango du hu­rrengo hitzordua, eta Hernanin jokatuko du bigarren kanporaketa hori, 19:00etan Kixkal tabernan. Hernani I taldea dago kontrario zain. Beste bi saio ere izango dira: Andoain eta Hernani III aurrez aurre ariko dira otsailaren 6an, Andoainen; eta Zubieta eta Lasarte-Oriako Earka!, otsailaren 27an Zubietan. Kanporaketetako hiru talde irabazleek, finala jokatuko dute martxoaren 14an, Xoxokako elkartean.

Horrela, eskualde bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da txapelketaren hurrengo fasera. Zortzi talde ariko dira bigarren fase horretan, eta lauk egingo dute aurrera, finalaurrekoetara. Areto haundiagoetan jokatuko dira semifinalak, bi talde finalistak erabakitzeko. Bertso-bazkari erraldoi formatuan jokatuko da Aiako finala, «bertsolaritzaren festa» izan asmoz. Azkeneko hiru saioetarako sarrerak salgai jarriko dituzte bertsosarrerak.eus atarian.

«Gaur egun plazetan kantatzeko aukera gutxi duten bertsolarientzat txapelketa erakargarria» izango dela azaldu dute antolakuntza taldeko Andoni Rekondok, Maider Arregik eta Imanol Artola 'Felix'ek, eta zentzu horretan, nabarmendu dute ia 40 bertsolari ariko direla oholtzan lehenengo aldiz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!