Beterri-Buruntzak doako beste bi formakuntza eskainiko ditu

Libe Murua Masid 2026ko urtarrilaren 21a

Sukaldaritzarekin lotutako formakuntza jarri berri dute martxan.

Elkar-Ekin Lanean egitasmoaren baitan, Sukaldeko Oinarrizko Eragiketak ibilbidea abiatu du Mankomunitateak, eta otsailetik aurrera, Tamaina Handiko Arotzeria eta Kudeaketa ibilbidea ere jarriko du martxan. 

2026rako doako bi formakuntza lerro berri prestatu ditu Beterri-Buruntza Mankomunitateak. Batetik, Sukaldeko Oinarrizko Eragiketak ibilbidea, Erroak-Sartu erakundearen eskutik. Eta Tamaina Handiko Arotzeria eta Kudeaketa ibilbideak bestetik, Emaus Gizarte Fundazioa eta Arotzgi erakundeen eskutik.

Sukaldeko Oinarrizko Eragiketen formakuntzarekin batera, «ostalaritza sektorearen beharrei erantzun» nahi diete, eskualdean langabezia-egoeran dauden pertsonen laneratzea sustatu asmoz. Alde teorikoa eta praktikoa eskainiko da, eta partehartzeileek gaitasun  digitalak, hizkuntza-gaitasunak eta zeharkako konpetentziak landuko dituzte; besteak beste, komunikazio eraginkorra, talde-lana eta moldagarritasuna. Orotara, 15 pertsonez osatuko da taldea, eta behin formakuntza amaituta, ziurtagiri profesionala eskuratzeko aukera izango da. 

Otsailean, berriz, Arotzeria eta Kudeaketa ibilbidea jarriko dute martxan. Formakuntza honek zurgintzan kualifikazio teknikoa eskaintzeko helburua du, «sektorean dagoen langile kualifikatuen eskariari erantzuteko». 305 orduko formakuntza teknikoa izango dute ikasleek, eta batik bat, tamaina haundiko zurezko hondakinen berreskurapena eta errebalorizazioa, arotzeriako zerbitzuetako oinarrizko prozedurak, eta zurezko hondakinen sailkapena eta lehengoratzea landuko direla aurreratu dute. 50 orduko prestakuntza jasoko dute gaitasun soziolaboral eta digitalen inguruan. Gainera, 90 orduko praktikak egiteko aukera izango dute ikasleek, sektoreko enpresetan. Alde teorikoa Hernaniko Iturola eraikinean egingo da, eta praktikoa, Urnietako Emaus Fundazioan.

Izena eman nahi duenak edo informazio gehiago eskuratu nahi duenak beterriburuntza.eus webgunea bisitatu dezake. Bestalde, enplegua@beterriburuntza.eus helbidera ere idatzi dezake, edo 747 441 752 telefonora deitu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!