Talde haundia izan da, aurtengoan, Sagardo Berriaren Eguneko protagonista: berdez jantzitako dozena bat lagun, beste kirolari askoren ordezkari. Euskal Pilota Selekzioa omendu dute txotx irekiera ekitaldian, egindako lan eskergaren, horrek emandako fruituen eta Nazioen Ligan izandako lorpenen aitortza gisa.
Eta haien artean bat, etxean bezala sentitu zen asteazkenean. Are gehiago, etxean zegoen. Eñaut Lizeaga Otaño astigartarra zen selekzioko kideetako bat, eta kasualitateek nahi izan dute Petritegi sagardotegian egitea aurtengo txotx denboraldiaren irekiera, bertako semea izanik.
Erriberako aurkezpen ekitaldian urduri, sagarrondoa landatzen lasaiago, eta Petritegiko kupelen artean eroso, taldekideekin anfitrioi lanak eginez kasik. Eguna berezia izan zen Lizeagarentzat. Aurreneko sagardo tragoa eginda eta fokuetatik pixka bat urrunduta hitz egin genuen berarekin.
Zer sentitu duzu, Euskal Pilota Selekzioko kide gisa aurtengo txotx irekiera eginda?
Poz haundia. Espero ez genuen errekonozimendu bat guri egitea sekulako poza da, Euskal Herriko selekzioari babesa eman eta hemen ospatzea.
Etxean izan zara protagonista, eta gainera Petritegin, bertako semea izanda. Berezia izango zen zuretzat, ezta?
Bai, hala da. Kasualitatez gertatu da horrela. Guk Euskal Selekzioarekin aritzeko aukera izan, Nazioen Ligan txapela irabazi, omenaldi hau jaso, eta irekiera Petritegin izatea. Oso berezia izan da niretzat Petritegin bertan egitea, eta oso gustura sentitu naiz.
Nola bizitu duzu eguna, prentsaurrekotik hasi, sagarrondo landaketarekin segi eta txotxera bitarte?
Ez gaude ohituta hainbeste jenderen aurrean hitz egitera, baina pixkanaka erosoago sentitu naiz. Eta behin egin beharrekoak eginda, sagardo batzuk probatu eta bapo bazkaldu!
Denbora pixka bat pasa den honetan, nola gogoratzen duzu Nazioen Liga horretan bizitakoa?
Ederra izan zen. Horretara iristeko, guk lan haundia egin genuen entrenatzen, baina beste askok sekulako lana egin zuten aurretik, ikusten ez dena. Eta horren guztiaren ondoren, lortu dugunarekin oso oso pozik gaude.
Astigarragan harrera beroa egin zizuten orduan, txapelarekin bueltatu zinenean.
Bai bai, oso polita izan zen. Herriarekin oso eskertuta nago, jende pila bat gerturatu zen ongietorria ematera.
Pelotaren eta sagardoaren arteko antzekotasunei buruz aritu dira etengabe, txotx irekierako aurkezpenean. Kantxan edo kupel artean, non zabiltza erosoago?
Bietan gustura, egia esan (barrez). Bat aukeratu beharko banu, kantxa esango nuke. Azken batean, gazte-gaztetatik daukat esku pelotari profesional izateko nahia, eta bertan aritzen naiz gusturago. Baina horrek ez du kentzen kupelen inguruan ere, lagun artean, oso gustura ibiltzen garela. Bietarako dago denbora, eta sagardotegian ondo pasatzen baduzu, frontoian ere gustura zabiltza gero.