Sagardoa pizgarri eta umorea bixigarri, kupel arteko lagun giroan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 17a

Txotx irekierako protokoloa bukatuta, bertaratu guztiek gozatu zuten aurtengo aurreneko sagardoaz, Petritegin.

Martxan da 2026ko txotx denboraldia, asteazkeneko irekiera ekitaldi bereziaren ondoren. Petritegin elkartu ziren bailarako sagardogile, udal ordezkari, eragile eta herritarrak, Sagardo Berriaren Eguna ospatu eta uzta berriari aurreneko pelotakadak emateko, Euskal Pilota Selekzioko taldekideekin.

Umoreak, ilusioak, zirrarak eta lagunarteko giroak inguratuko ditu Urumea bailarako sagardotegietako kupelak, datozen aste luzeetan. Martxan da 2026ko txotx denboraldia, joan den asteazkenean ospatu baitzuten Sagardo Berriaren Eguna, sagardotegi garaiari hasiera ofiziala ematen diona.

Eta aurreko osagai horiek guztiak izan zituen asteazkenekoak ere, Erribera kulturgunean zein Petritegi sagardotegian. Euskal Pilota Selekzioa omendua izateak gehitu zion  beste emozio puntu bat ekitaldiari, eta baita 'jolaserako' aukera ere. Besteak beste, sagardoaren eta pelotaren antzekotasunen bila aritu zirelako hizlariak.

Pelotak kupelera eta 
sagarrak frontoira, 
ez ote dira nahastuko!

Antzekotasun horietako asko eman zituen aditzera Joxe Mari Mitxelenak, Euskal Pilota Federazioko presidenteak: pelotak modalitate asko dituen bezala, sagar barietate oso zabala erabiltzen dela sagardoa egiteko («100 baino gehiago zirenik ere ez nekien!»); pelotan azkenaldian hainbesteko indarra hartu duen xistera, sagarrak biltzeko erabiltzen zela bere garaian; sagardotegian 'txotx!' oihukatzen dugun moduan, 'txost!' esaten dela pelotak txapa jotzean; eta biek osatzen dutela «kultura berezi bat», bertsolaritzarekin batera. 

Gainera, esku batean sagarra eta bestean eskuz aritzeko pelota hartuta gerturatu zen atrilera, eta halaxe bota zuen: «Ikusten duzue, tamaina berdintsua dutela biek». Tira, espero dezagun, behin sagardo trago batzuk hartuta, ez dituztela pelotak kirikoketan zanpatuko, eta sagarrak frontoira eramango... 

Broma egiteko lizentzia hartu dugu, egunak ere tonu horixe izan zuelako hainbat unetan. Sagarrondoaren landaketan, esaterako. Dozena bat laguneko taldearekin bertaratu zen Euskal Pilota Selekzioa, baina atxurra hartzera ez zen ba jende asko animatu... «Hainbeste pelotari etorri, eta ez duzue ba zaharrena lanean jarriko!», bota zien Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak. Izan ere, Mitxelena bera hasia zen, bakar-bakarrik, sagarrondo berria jarri eta lurra botatzen. Eñaut Lizeaga astigartarra gerturatu zen laguntzera, herriko alkatearen errietari kasu egin beharko ba...

Agin Laburu bertsoak ere segi nahi izan zuen broma giroan, landaketarekin berarekin: «10 begira onduan eta/batek jarri du arbola/ez dakit nundik aterako zan/hain ohitura espainola».

 

Aurtengo sagardoak, 
arinagoak eta alkohol 
graduazio bajuagokoak

Umoretsu aritu zen Unai Agirre Euskal Sagardoaren zuzendaria ere, bere bertsolari senetik, aurtengo sagardoari buruzko azalpenetan: «Sagar urtea zen, eta oso uzta haundia izan da; 4,5 milioi kilo sagar bildu dira Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta Euskal Sagardoaren 3 milioi litro pasatxo egin dira 46 sagardotegitan. Aurtengoak nolako sagardoak diren jakin galdetuko didazue, noski... Oso zaila da denak azalpen bakarrean bateratzen, pelota modalitate guztiak bakar batean definitzea zaila den bezalaxe. Eta gainera, gero haserretu egiten zaizkit sagardogileak... Baina tira, zantzu orokorrak ematekotan, aurtengo sagardoak arinagoak dira, eta alkohol graduazio bajuagoa dute. Dena den, aniztasun haundia topatuko dugu kupeletik kupelera, barietate ezberdinekin dibertsifikazioa bilatu baitute sagardogileek».

Agirrek berak nabarmendu zuen, Euskal Selekzioko pelotariek bezala «taldean» lortuko dutela arrakasta sagardogileek ere. Eta bide horretan, beste pauso bat iragarri zuten Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren ibilbidean: «Aurten aurrerapauso haundia emango dugu, eta urtetako lanaren ondoren, muga gaindituko dugu», azaldu zuen Nora Beltranek, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak.

Horretan jarri zuen azpimarra Xabier Arrutik (Gipuzkoako Foru Aldundia), azkeneko antzekotasun bat bilatuz: «Euskal Selekzioa eta Euskal Sagardoa, biak sortu dira hemen, zazpi lurraldeetara zabaltzeko anbizioarekin», nabarmendu zuen.

 

Autobus zerbitzua indartuta, txotx garaian

Txotx irekiera ekitaldia baliatu zuen Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuak, iragartzeko autobus zerbitzua indartuko duela Lurraldebusek txotx denboraldian. Horrela, otsailaren 7tik apirilaren 25era, BU-13 linea (Donostia-Astigarraga-Hernani) indartuko dute 12:00etatik 14:00etara bitartean, eta baita gaueko BU-40G linea ere (Andoain-Urnieta-Hernani-Astigarraga-Donostia), 23:30etatik 04:30etara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!