Euskarazko rap tailerra gazteentzat, otsailean eta martxoan

Kronika - Erredakzioa 2026ko urtarrilaren 17a

2021ean egin zituzten aurreneko tailerrak, proiektu pilotu gisa. Argazkian, hiru gazte Legazpiko saioan.

'Beat-Eroak' tailerra antolatu dute Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek, eta bi saio egingo dituzte eskualdeko udalerri bakoitzean, Odei Barrosoren eta Telmo Trenorren eskutik. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek izango dute aukera, eta datorren astelehenean zabalduko da izen-emate epea.

12 eta 16 urte bitarteko gazteek, aukera ederra izango dute Buruntzaldeko udalerrietan, hitzarekin eta musikarekin jolasteko eta trebatzeko, euskaraz. Izan ere, 'Beat-Eroak' rap tailerra antolatu dute eskualdeko udaletako Euskara Zerbitzuek, honako leloarekin: 'Hitza askatu, erritmoa markatu'.

Otsailean eta martxoan izango da tailerra, eta udalerri bakoitzean bina saio egingo dituzte. Aurrenekoan, Odei Barroso rapero eta bertsolariarekin arituko dira gazteak, eta hitza landuko dute: oinarri musikala aukeratu, eta rap letrak lantzen lagunduko die Ødei artistak. Aurreneko saio hori otsailean izango da udalerri guztietan, eta bakoitzaren data zehaztu dute, azpiko koadroan ikusi daitekeenez.

 

Kanta sortu eta grabatuko dute bigarren saioan

Tailerraren bigarren saioan, Ødei ez ezik, Telmo Trenor DJ eta ekoizlea ere izango da gazteekin, eta guztien artean emango diote forma egindako lanari: aukeratutako base musikalarekin eta osatutako letrekin, kanta sortu eta grabatuko dute. Martxoan izango da bigarren saio hori.

Horrela, herri bakoitzean abesti bat osatuko dute, eta herrien arteko lehiaketa ere izango da: abesti guztiak entzungai jarriko dituzte euskara.buruntzaldea.eus webgunean, eta bozketa zabalduko dute, herritarrek gustukoen dutena aukeratzeko. Sari potoloa izango du irabazleak: bideoklipa grabatzea. Gainera, rap festa ere aurreikusi dute, egindako lanak erakutsi eta gazteen artean harremanak sustatzeko.

 

Izen-emate epea, urtarrilaren 19tik 31ra

Herri bakoitzean, gehienez ere 30 gaztek hartu ahal izango dute parte, eta datorren astelehenean zabalduko dute izen-ematea, bi astez: urtarrilaren 19tik 31ra izango da apuntatzeko aukera, euskara.buruntzaldea.eus webgunean bertan.

Egitasmoa 2020 urtean jarri zuten martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Sailaren eta Iametzaren eskutik; eta bi proiektu pilotu egin zituzten: Legazpiko eta Urretxu-Zumarragako gaztelekuetan. Buruntzaldeko herrietako gazteen txanda da orain. Ez galdu aukera!

LEHENENGO SAIOA

Odei Barrosorekin, base musikala aukeratu
eta rap letrak landuko dituzue.

GORDE ZURE EGUNA!

ANDOAIN Otsailak 19, osteguna

ASTIGARRAGA Otsailak 10, asteartea

HERNANI Otsailak 24, asteartea

LASARTE-ORIA Eguna zehazteke

URNIETA Otsailak 9, astelehena

USURBIL Otsailak 23, astelehena

BIGARREN SAIOA

Odei Barrosorekin eta Telmo Trenorrekin,
kanta sortu eta bideoklipa egingo duzue.

GORDE ZURE EGUNA!

ANDOAIN Martxoak 26, osteguna

ASTIGARRAGA Martxoak 5, osteguna

HERNANI Martxoak 12, osteguna

LASARTE-ORIA Eguna zehazteke

URNIETA Martxoak 2, astelehena

USURBIL Martxoak 9, astelehena

SORTU ZUEN EUSKARAZKO RAP ABESTIA!

Euskarazko rap abesti bat sortzera animatzen?
Aukera ederra izango da zuen kezkak eta intereseko gaiak letretan islatzeko!

Hauxe da Legazpiko gazteek sortu zutena,
'BEAT-EROAK' tailerrean parte hartu zutenean:

Ez gehio ez gutxigo

ez zakil ez alu

utzi ditzagun ba

hainbeste istilu.

 

Legazpiko gazteak

hemen bildu gara

jasan dugun guztia

zuei kantatzera.

Emakume jaiota

belarritakoak

jarri eta hor daude

estereotipoak.

 

Ez gehio ez gutxigo (...)

 

Goiko karguetara

gizonak gehienak

emakumeak gara

behean gaudenak.

Lan berdina egin eta

soldata desberdin

pairatzen dugun hau

desagertu dadin.

 

Ez gehio ez gutxigo (...)

 

Panpina neskentzako

mutilentzat baloi

hori ez da horrela

ez dute arrazoi.

Berdinak gara denak

neska edo mutil

koloreak, gustoak,

alu edo zakil.

 

Ez gehio ez gutxigo (...)

 

Berdintasuna ez dugu

mundu krudel hontan

lortu beharko dugu

jo ta ke borrokan.

Etxera joateko

ez euki beldurra

denok dakigulako

da bide gogorra.

 

Ez gehio ez gutxigo (...)

 

Rolen kontua ere

apurtu beharko da,

parekidetasuna

gure xedea da.

Inseguritateak

ditugu den-denak

barrua edo kanpoa

gu gara berdinak.

 

Ez gehio ez gutxigo (...)

 

Denak gara berdinak

neska edo mutil

onartu dezagun ba

alu edo zakil.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!