Astean sei egunez argitaratuko da Kronika, egoera normalizatu arte

Kronika - Erredakzioa 2026ko urtarrilaren 16a

Egoera konplikatuak muturreko erabakia hartzera behartu du lantaldea, herritarrak behar bezala informatzen jarraitzea lehenetsita.

Lerro hauen bitartez, Kronikaren lantaldetik jakinarazi nahi dizuegu erabaki zaila hartu behar izan dugula, une honetan bizi dugun egoeragatik. Gaur gaurkoz, Kronikako kazetarien %37,5 bakarrik ari da aktibo lanean, gainerakoak ezin izan ditugulako berehalakoan kubritu.

Hori horrela, herritarrak be­har bezala informatzen jarraitzea lehenetsita eta gure indarrak horretara bideratuta, Kronika astean sei egunez argitaratzea erabaki dugu, egoera normalizatu bitartean. Ondorioz, astelehenetan ez da Kronikarik argitaratuko momentuz. Asteartetik igandera izango da Kronika kalean, eta informazioa uneoro eskuragarri kronika.eus webgunean.

Esan bezala, ezohiko eta muturreko erabakia da hartu behar izan duguna, eta lantaldearentzat ez da erraza izan horretara iritsi behar izatea. Egoera ahalik eta azkarren berbideratzeko egingo dugu lan datozen asteotan. Bitartean, jarraituko dugu Urumea bailararen berri ematen egunez egun, eta Hernaniko Larramendi kaleko 11garren zenbakian izango gaituzue, beti bezala, nahi duzuenerako. Kronikako lantaldetik sentitzen dugu aldaketa honek eragozpenik sortuko badu datozen egunetan. Egoera ulertuko duzuelakoan, eskerrik asko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!