Urte berriarekin, hasi da bola denboraldia ere, eta ez du etenik izango ekainera bitarte. Makina bat txapelketa jokatuko dituzte datozen hilabeteotan, Bikotekakoarekin hasita. Joan den igandean ekin zioten, Gabirian, eta Joxe Mari Etxebeste astigartarra eta Ander semea nagusitu ziren gizonezkoetan, bien artean 93 brila botata. Horrela, etxebestetarrak lider iritsiko dira bigarren tiraldira: Hernanin jokatuko da, igande honetan, Benta Berriko bolatokian.
90 brilatan geratu ziren bigarrenak, Mikel Arroio eta Benito Loitegi; eta zortzigarren postuan ageri dira Urumea bailarako hurrengoak, Ibon eta Aner Miner ereñotzuarrak, 86 brilarekin.
Emakumezkoen artean, berriz, Nekane Etxeberria eta Olatz Larrañaga izan ziren nabarmen nagusi, 76 brila bota eta 13 brilako abantaila lortuta hurrengoekin. Rosa Santos astigartarra eta Martxeli Kanflanka ereñotzuarra seigarren sailkatu ziren, 59 brilarekin. Dena den, soilik lau brilara daukate bigarren bikotea.
Goizez eta arratsaldez izango da tiraldia igandean, Floridan: 09:00etan hasiko da goizekoa, eta 16:30etan arratsaldekoa. Horren ondoren, Mutiloan egingo dute hirugarrena, urtarrilaren 25ean. Eta hiru tiraldietako bikote onenak finalera sailkatuko dira: otsailaren 1ean, Aian.
Atsedenik hartu gabe kateatuko dituzte hurrengo txapelketak, hortik aurrera: Lehendakari Txapelketa otsailaren 8tik martxoaren 8ra (tartean tiraldia Ereñotzun, martxoaren 1ean); Gipuzkoako Kopa martxoaren 15etik apirilaren 26ra; eta Udaberriko Txapelketa maiatzaren 10ean eta 17an.
Bestalde, toka tiraldia ere izan zen Gabirian. Antonio Amundarain nagusitu zen nabarmen, 14 bider burnia jota; eta Martxeli Kanflanka izan zen onena emakumezkoen artean, bost joaldirekin.