Partidu gogorrarekin hasiko du urtea Hernanik, nesken Euskal Ligan. Derio kontrario zuzenaren bisita jasoko du Zubipen, gaur arratsaldeko 18:00etatik aurrera. 26na punturekin berdinduta daude sailkapenean, Hernani bosgarren eta Derio seigarren.
Gainera, dinamika berdintsuan iritsi ziren bi taldeak Gabonetako etenaldira, azkeneko lau partiduetatik hiru berdindu eta bat galduta. Azaroaren 23an lortu zuten azkeneko garaipena berdeek, baina partidu zailak izan dituzte ordutik: Euskal Ligako lehenengo lau sailkatuetatik, hiruren kontra jokatu dute.
Azkeneko emaitza horiek goiko postuetatik urrundu dituzte pixka bat. Une honetan, Basauriko Kimuak da lider, 32 punturekin; eta Pauldarrak (30), Zumaiako (29) eta Antiguoko (28) ere aurretik dauzka Hernanik. Gaur bertan bukatuko dute aurreneko itzulia.
Mundarroko mutilen talde nagusia ere gaur bueltatuko da lehiara, Erregional Preferentean: Ostadarren kontra jokatuko du 16:00etan, Zarkumendegin. Eta etxean ariko dira Hernaniko mutilak ere, Ohorezko Erregionalean, baina bihar: Tolosa izango dute kontrario Zubipen, 16:00etan.