Urriaren 1a da, eguerdiko 11:45ak. Ordenagailuko pantailaren aurrean nago kontzentratuta, Etzakiteko kontzerturako sarrerak lortzeko ahaleginetan. 12:00ak dira, eta ezin dut orrira sartu. Sartu naiz, baina ‘Sold out’. Urriaren 5eko kontzertuko sarrerak agortuta, hala ere, urriaren 3rako beste data bat iragarri dute, beraz, ea lortzen ditudan.
Urriaren 3a da, eta orain bai! Urtarrilaren 3rako lau sarrera saskira!
Ustekabean pasa dira hiru hilabete, eta hemen nago Oialumen. Ez da asko aldatu azken 10 urteetan. Inguruan jende ugari eta horietako asko ezagunak. Barrara goaz edariak eskatzera. 20:30ak dira eta Zuttik elektrotxarangak eman du aurreneko nota, eta ederki berotu gaituzte kontzerturako.
22:00ak dira, eta Etzakiteko taldekideak dagoeneko igo dira oholtzara, txalo zaparrada baten laguntzaz. Han dira, Xabi Solano, Aitor Zabaleta, Jon Mari Beasain eta Ander Barrenetxea.
Hitzik esan gabe, ‘Zergatik ez?’ abestiarekin hasi dute emanaldia. Hori da hori mugimendua sortu dena eszenatokiaren aurrean, denak saltoka, dantzan eta kantuan.
Oialumen utzi dut eztarria. 15 bat urte egin dut atzera, eta nostalgiaz, gozatu ederra hartu dut erromeria giroan.
Etzakit: «txoratzen gaude»
1995garren urtean Oialumeko oholtzara igo zen estreinakoz Etzakit taldea, eta 30 urte pasa ostean, berriro ere oholtza berdinera igo dira.
Eszenatokira igota, Xabi Solanok, Ander Barrenetxeak, Jon Mari Beasainek eta Aitor Zabaletak hantxe ikusi dituzte beraien betiko entzuleak, hori bai, batzuk ile gutxiagorekin, beste batzuk burusoil, beste baten bat ilea guztiz zurituta, eta beste batzuk, ordea, ardoa bezala mejoratuta!
Kontzertuaren beste aldetik ere, sekulakoa izan da Oialumekoa, entzuleak gutxienez 30-15 bat urte gaztetu dira, kokozko belarritakoetara, palestinora, riñorena gerrian, larruzko motxilara, ‘motors’ galtzetara, ‘in-de-pen-den-tzia!’ kamixetara eta Salomonak janzten ziren garaira bidaiatuz.
Lau artistek hiru kontzerturekin eta mila sentipenekin hasi dute urtea.
30. Urteurrena ospatzeko eta urteari hasiera emateko, hasi zineten lekura itzuli zarete. Zer moduzko esperientzia izan da?
Xabi Solano: Sekulakoa izan da. Hala ere, guretzat, talde bezala izan da erronka bat, horrenbeste urte ondoren oholtzara itzultzeak suposatu digulako asko. Jaso ditugu azken urteetan hainbat dei ‘Etzakit’ taldearen kontzertua proposatuz, baina ez dugu inoiz ikusi momentua, bakoitza proiektu ezberdin batean geundelako.
Justu iazko otsailean Esne Beltzaren ibilbidea amaitu zenez, eta Etzakit lagun kuadrila batek osatzen dugunez, erabaki genuen Etzakit taldea oholtzara igo behar zela berriro.
Horregatik izan da erronka bat, ez baita kontzertu bakarra izan, hiru izan dira. Zerbait berezia nahi genuen egin, eta izan da erokeria bat.
Orain deiak jasotzen ari gara, beste zerbait egiteko proposamenak jasoz, eta tira, biltzen gabiltza, ea zerbait egin dezakegun edo ez. Auskalo!
Jon Mari Beasain: Emozioak pil-pilean eduki ditugu eta oraindik halaxe dauzkagu. Etzakit taldeko kide asko beste talde batzuetan egon gara, eta beste batzuk ez, orduan sortu da zerbait politta. Hasieran beldurrak gailentzen zuen askoren artean, baina ederki atera da dena, espero genuena baino hobeto! Emozio horiek izan ditugu azken hilabeteetan eta urtarrilean eskaini genuen aurreneko kontzertuan, dardarka nengoen, urduri. Segituan lasaitu ginen, baina hasierako tentsio momentu hori… Hurrengo egunak antzekoak izan ziren, sentimendu aldetik diot; ikusten genituen ezagun asko, aspaldiko lagunak… Zirraragarria izan zen Oialumen gertatutakoa.
Ander Barrenetxea: Nik pertsonalki, hasiera batean zalantza asko izan nituen kontzertua egin edo ez egin. Izan ere, azken urteetan ez dut bateria jo, musika munduan murgilduta ibili naiz, baina bateria alde batera utzita neukan.
Orain kontzertua pasata, iruditu zait oso-oso positiboa izan dela egin duguna, eta eskerrak animatu nintzen! Hor bizitako sentimenduak, beti gordeko baititut.
Sarrerak 5 minututan agortuta. Espero zenuten?
A. B.: Ez inondik inora. Planteatu genuen hasiera batean, aurreneko kontzertuko sarrerak bukatuko balira, bigarren bat egitea, baina hau zalantzagarria egin zitzaigun, uste genuelako oso ‘exkaxa’ geldituko zela bigarren kontzertua. Baina espektatiba guztiak hautsi ziren. Aurreneko kontzertuko sarrerak 5 minututan agortu ziren, eta zur eta lur gelditu ginen.
Egia da, agian azken urteetan gertatzen ari den ‘sold out’ fenomenoarekin ere zerikusia duela, baina tira, ez dugu meritua kenduko. Izan ere, batzuk errepikatu egin dute, eta urtarrilaren 5ean askok idatzi ziguten ea sarrerarik bazegoen.
Sorpresaz betetako gauak izan dira. Zer moduzko ‘feedback’a jaso duzue?
X. S.: Oso ona, kristona. Oso polita izan zen, hiru egunak oso ezberdinak izan dira. Kolaboratzaile aldetik ere denak ezberdinak. Abestien zerrenda ere ezberdina. Gure aldetik, esan behar dut egin dugula sekulako lana.
Kolaborazio aldetik ere berezia izan da, izan ere, Etzakiten diskoetan parte hartu zuten abeslariak etorri ziren, besteak beste, Cristina, Amaia, Zigor Sagarna… Berezia izan da alde horretatik, lagunak elkartu, berriz haiekin egon, garai zaharrak gogora ekarriz…
JM. B.: Nik jendeari begiratzen nion eta ikusten nuen abesti guztiak zekizkitela, eztarriak utzi zituztela aspaldiko kantak abestuz. Atzo batek esan zidan, jo gogoratzen ez nituen abestiak kantatu nituen, eta gozatu ederra hartu ere bai! ‘Remember’ moduko bat izan zen.
A. B.: Publikoaren harrera oso atsegina izan zen, denena. Eskerrak eman dizkigute, koadrila asko azken urteetan elkartu ez direnak aitzakia honekin elkartu dira, eta hori ederra da!
Urtarrilaren 2an izan zen aurreneko kontzertua, eta Alaitz eta Maider igo ziren zuekin batera kantatzera. Urtarrilaren 3an, berriz, Gozategi. Eta 5ean, Maixa eta Ixiar.
A ze emanaldiak.
X. S.: Bai, esan bezala zerbait berezia egin nahi genuen, eta noizbait gurekin elkarlanean aritutako horiek gonbidatu, gure familiaren parte izan direlako bide guzti honetan zehar.
Asko sentitu zenuten
publikoaren berotasuna?
X. S.: Ia bi ordu eta erdiko kontzertuak eskaini ditugu, eta momentu oro jendea kantari eta dantzan ibili da, kontzertua benetan biziz. Gainera, kontzertua amaitu eta gero mezu zaparradak jaso ditugu, zorion mezu asko, eskerrak emanez eta bizitakoa sekulakoa izan dela azalduz.
JM. B.: Sentitu genuen entzuleen berotasuna oholtzara igo ginenean, lehenago eta kontzertuak amaituta. Goxo-goxo hartu gintuzten.
Zu Ander, bertakoa izanda
gainera, zer moduz sentitu zinen etxean joz?
A. B.: Oso gustura, oso eroso, eta hunkituta. Ordu asko pasa ditut Oialumen eta bertara itzuli izanak sortu dit barruan zurrunbiloa bai.
Zuek ere atzera egin zenuten denboran ezta? Garai batean zuen entzule gazteak hor
aurrean ‘zaharxeago’ ikusita…
X. S.: Guztiz, guk ere halaxe egin genuen. Ikusten genituen aurpegi ezagunak, urteetan ikusi ez genituenak, hain zuzen. Gu ere zaharxeago gaude baina kontzertuko momentuetan gaztetu ginen bai! Gainera lekuak ere asko lagundu zuen.
A. B.: Oialumera etorri zen publikoa ez zen gaztea, ziren Etzakiteko garai bateko entzuleak, bere garaian gazte izandakoak… Geu bezela!
Erromeria giro ederra sortu zenuten. Uste duzue publikoak faltan botatzen zituela
honelako ekitaldi euskaldun eta herrikoiak?
X. S.: Erabat. Uste dut egungo parrandak erabat ezberdinak direla, eta eskaini genituen kontzertuetan sortu zen anbiente oso sanoa. Aspaldi ez genuela horrelakorik ikusten. Alde horretatik ere, atzera egin genuen, frexkura asko zegoen. Denek esan digute egin zutela urteetan atzera.
JM. B.: Etzakit beti ibili da erromeria giroan, ez da zerbait berria sortu, izan da aspaldiko parrandara itzultzea.
A. B.: Halaxe izan zen. Gozategiko kideak, adibidez, harrituta gelditu ziren entzuleen adin tarteagatik, eta sortutako giro sano eta euskaldunagatik.
Amaitzeko, esker hitzak bota nahi badituzue… hau da zuen aukera!
X. S.: Eskerrak eman nahi dizkiet etorri diren guztiei. Berotasuna somatu dugu bai publikoaren aldetik, bai eta Oialumekoen aldetik, kolaboratzaileei ere bai… Oso eroso sentitu gara taldekideok, txoratzen gaude!
JM. B.: Entzuleei batez ere eta Oialumeko familiari, etxean bezala tratatu gaituzte.
A. B.: Lehenik eta behin, taldekideei eskerrak eman nahi dizkiet, beraiek bultzatu bainaute parte hartzera, eta eskerrak! Inoiz damutuko ez naizen erabakia izan baita!