Martxoaren 24ko ordu txikienetan pasako da Korrika Hernanitik eta Astigarragatik

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko urtarrilaren 8a

2024an bizitakoaren ondoren, aurtengoan goizuetarrek ez dute Korrika etxe ataritik pasatzen ikusiko.

Atharratzen hasi eta Bilbon bukatuko den edizioa, goizaldeko 01:20etan iritsiko da Hernanira, eta bertatik hartuko du Astigarragarako bidea. Aurtengoak ez ditu bisitatuko Goizueta, Arano eta Ereñotzu.

Korrikari babesa eta bultzada ez ezik, argitasuna ere emateko ardura izango dute hernaniarrek eta astigartarrek, aurtengoan. Izan ere, goizaldeko ordu txikienetan iritsiko da 24. Korrika Urumea bailarara, martxoaren 24an, asteartetik asteazkenerako gauean. Urnietatik datorrela, 01:20etan iritsiko da Hernanira, eta ia hiru ordu laurdeneko tartean zeharkatuko ditu herriko txoko guztiak, Astigarragarako bidea hartu aurretik. 02:02etan hartuko dute lekukoa astigartarrek Martindegin, eta 02:38an Perurenan entregatu.

Goizuetara, Aranora eta Ere­ñotzura, ordea, ez du bisitarik egingo aurtengo Korrikak, duela bi urte Urumea ibaiari segika bailara osoa zeharkatu ondoren.

Hernanira iritsi baino bost egun lehenago hasiko da Korrika Atharratzen: martxoaren 19an, arratsaldeko 15:30etan. 11 egu­nez Euskal Herri osoan barrena ibili ondoren, Bilbon bukatuko da, martxoaren 29an.

3.436 lekuko eta 460 herri inguru, 24. Korrikak

Ohiturari jarraiki, eta aurreko Korrika Baionan bukatu zenez, Ipar Euskal Herrian hasiko da aurtengoa; zehazki, Zuberoan. Be­rezia izango da abiatzea, Korrikaren «itzalguneetako bat» baita Zuberoako Basabürüa eskualdea, AEK euskaltegiak aitortu duenez: 1985ean bakarrik pasa da bertatik, eta hain juxtu, orduan ere Atharratzetik abiatu zen. Gainera, nabarmendu dute «inoiz baino agerikoagoa» dela euskera sustatzeko eta kalera ateratzeko beharra, etxeko transmisioa eten egin delako, eskola transmisioa ez delako %15era iristen, eta euskeraren erabilera desagertzen ari delako kalean.

Bizkaian azkeneko pausoak eman aurretik, euskal lurralde guztiak zeharkatuko ditu Korrikak. 460 herri inguru bisitatuko ditu aurtengoan, eta 3.436 lekuko-hartze izango dira guztira, 2.175 kilometroko ibilbide luzean. Zentzu horretan, aurtengo Korrika «inoiz baino partehartzaileagoa» izango dela aurreikusi du AEK euskaltegiak.

Martxoko azkeneko igandean iritsiko da Korrika Bilbora, goizeko 07:20ak aldera; eta ia bost orduz hiriburuko kaleetan barrena ibili ondoren, eguerdi partean egingo dute ekitaldia, lekukoaren barruko mezu sekretua irakurri eta egun osoko jaiari hasiera emateko.

Aurten ere izango da Korrika zuzenean jarraitzeko aukera. Batetik, furgonetaren geolokalizazio bidez jakingo dute korrikalariek uneoro non dagoen; eta bestetik, furgonetatik bertatik zuzeneko irudiak eskainiko dituzte 24 orduz. Horiek eskuragarri izango dira Korrikaren aplikazioaren bitartez, eta azaldu dutenez, berritu egin dute aurten, informazio, albiste eta bestelako edukiekin.

24. KORRIKA URUMEA BAILARAN

Martxoak 24, asteartea

HERNANIN

Txantxillako errotonda  01:20

Elkano kalea  01:28

Gudarien Plaza  01:30

Andre kalea  01:31

Kale Nagusia 01:33  

Gudarien Plaza 01:34

Lizeaga kalea 01:35

Larramendi kalea 01:37

Izpizua kalea 01:38

Urbieta kalea 01:39

Marieluts auzoa 01:43

Antziola auzoa 01:44

Sagastialdeberri 01:47

Montebideo kalea 01:49

Karmelo Labaka kalea 01:50

Agustindarren plaza 01:51

Latxunbe kalea 01:52

Zinkoenea 01:53

Akarregi auzoa 01:56

Martindegi auzoa 02:02

ASTIGARRAGAN

Martindegi auzoa 02:02

Troya ibilbidea 02:04

Tranbia ibilbidea 02:08

Donostia ibilbidea 02:12

Pelotari kalea 02:13

Tomas Alba kalea 02:16

Auspero kalea 02:17

Pelotari kalea 02:18

Kale Nagusia 02:19

Iparralde bidea 02:22

Zarkumendegi 02:29

Perurena 02:38

 

NON IBILIKO DA KORRIKA EGUN BAKOITZEAN?

Egunaren hasieran, eguerdian eta bukaeran

MARTXOAK 19, osteguna

Atharratze (15:30) etaLekorne (23:42)

MARTXOAK 20, ostirala

Bidarrai (01:09), Izaba (12:42) eta Oibar (21:34)

MARTXOAK 21, larunbata

Olleta (00:07), Corella (11:44) eta Larraga (23:10)

MARTXOAK 22, igandea

Mendigorria (00:11), Iruñea (11:48) eta Urantzia (23:03)

MARTXOAK 23, astelehena

Torres del Rio (00:04), Araia (11:46) eta Amasa-Villabona (23:41)

MARTXOAK 24, asteartea

Andoain (00:13), Urdazubi (12:55) eta Biarritz (23:05)

MARTXOAK 25, asteazkena

Bidarte (00:40), Donostia (09:20-12:52) eta Lekeitio (23:59)

MARTXOAK 26, osteguna

Gernika-Lumo (03:07), Leioa (12:04) eta Artziniega (23:13)

MARTXOAK 27, ostirala

Arespalditza (00:17), Ubide (11:42) eta Gasteiz (22:57)

MARTXOAK 28, larunbata

Durana (00:13), Ordizia (11:56) eta Elorrio (23:36)

MARTXOAK 29, igandea

Durango (01:31) eta Bilbo (12:04)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!