Bailarako bi ordezkari arituko dira gaur Binakako Txapelketako finaletan

Andoni Rekondo Izagirre 2026ko urtarrilaren 2a

Pelota bixiak aukeratu zituzten lehenengo mailako bikoteek.

Aritz Zubiri goizuetarra lehenengo mailako finalean arituko da, eta Julen Deskarga hernaniarra bigarren mailakoan.

 

Gaur arratsaldean jokatuko dituzte Binakako Erremonte Txapelketako final haundiak. Arratsaldeko 16:30etan hasiko da jaialdia, eta bi mailetako finaletan jokatuko du bailarako erremontari batek.

Aritz Zubiri goizuetarra izango da lehenengo mailako ordezkaria. Imanol Ansa urniertarrarekin batera, txapelketa bikaina osatuta iritsi da gaurko finalera, zuzeneko sailkapenarekin. Aurrean Ezkurra II eta Larrañaga izango dituzte, finalaurreko partidua irabazita sailkatutako bikotea.

Ligaxkako aurrekariei erreparatuta, Ansa II eta Zubiri dira faboritoak, aurreko bi partiduetan lortu baitute garaipena. Hala ere, lehia estua izan zen abenduaren 20an elkarren aurka jokatutako partiduan. Hortaz, antzeko norgehiagoka espero da gaurko.

Materialari dagokionez, bi bikoteek material azkarraren aldeko apustua egin dute. Antzeko materiala izanik, final bizia izango da ziur.

Debutatzetik finalera igaro da Deskarga

Bigarren mailako finala ere erakargarria izango da erremontezaleentzat. Julen Deskarga hernaniarra tartean izango da, Martirenarekin elkarlanean finalerako zuzeneko txartela lortuta. Lehenengo txapelketa da hernaniar gaztearentzat, eta ezinhobeto ekin dio ibilbideari. Parean, ordea, esperientzia haundiko bikotea izango dute: Goikoetxeatarrek osatutakoa. Finalaurrekoetan maila altua erakustetik datoz, eta eskarmentua alde izango dute final haundian.

Galarretako jaialdira joateko sarrerak eskuragarri daude oriamendi.eus atarian.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!