Oporrak Bakean programarako izenematea zabalduta, haur sahararrak hartzera animatu dituzte herritarrak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 28a

2025eko udan Hernanira etorri diren hiru haur sahararrak (erdian), udaletxean egin zieten harrera ekitaldian.

Urtarrilaren 15era arte eman dezakete izena familiek, udaran Saharako errefuxiatu guneetako haurrak etxean hartzeko. Ekainaren bukaeran iritsiko dira, eta bi hilabete inguru emango dituzte gurean, «kalitatezko uda pasatzeko».

 

Dagoeneko ari da prestatzen 2026 urterako ekimena, Oporrak Bakean programa. Harrera familiak biltzeari ekin diote, eta izenematea zabaldu dute: urtarrilaren 15era arte izango dute epea familiek, Saharako errefuxiatu guneetako haur bat etxean hartzeko borondatea erakusteko. 2015ean jaiotako haurrak etorriko dira Euskal Herrira 2026an.

Hernaniarren kasuan, Udaleko Lankidetza sailera jo behar dute izena emateko, eta hiru bide dauzkate aukeran: Kulturarteko Plaza Feministara gerturatu (Florida 28), 943 33 70 17 telefonora deitu, edo lankidetza@hernani.eus helbide elektronikora idatzi. Gainerako herrietakoak, oporrakbakean.eus webgunearen bitartez jarri daitezke antolatzaileekin harremanetan, ekimenean parte hartzeko.

2025ean hiru haur sahararrek pasa dute uda Hernanin, aurreko urteetan baino gutxiagok. Datorren urteari begira, Udalak «elkartasunerako deia» egin die herriko familiei, eta animatu ditu Saharako haurrak etxean hartzera. Horretarako, beste urte batez programaren laguntzaile izango da Udala, «Saharako errefuxiatu guneetako haurrek kalitatezko uda pasatzeko aukera izan dezaten».

Ekainetik abuztura, basamortuko berotik ihesi eta osasunaren mesedetan

Ekainaren bukaeran iritsiko dira haur sahararrak gurera, eta bi hilabete inguru emango dituzte bertan. Basamortuko bero haundienetatik (50 gradu baino gehiago udan) ihes egin, eta osasuna hobetzeko aukera ematen die Oporrak Bakean programak, elikadura orekatuaren bitartez. Gainera, programaren bitartez, lortu nahi dute euskal herritarrak sentsibilizatzea Mendebaldeko Sahararen eta Herri Sahararraren egoeraren inguruan.

Zentzu horretan, hain juxtu, urteurren borobila bete da haienean: 50 urte dira Mendebaldeko Sahara okupatu zutela, eta saharar askok egin behar izan zuten ihes Aljeriako basamortura. Urteurren hori gogoan izan du Oporrak Bakean programak, 2026ko edizioan: 'Gure ateak zabalik eta haien esperantza bizirik' izango da aurtengo kanpainaren leloa.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!