Zapatak garbi-garbi jarri, badatoz eta Olentzero eta Mari Domingi!

Olatz Egaña Otegi 2025eko abenduaren 24a

Bailara osoa zeharkatuko dute gaur gauean Olentzerok eta Mari Domingik, Naporen laguntzarekin.

Iritsi da urteko egunik magikoena askorentzat: Gabon gaua. Gaur Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ugari egingo dituzte Urumea bailaran. Ongi etorriaz gain, bailarako herritar asko gabon eskean aterako dira, etxez etxe, ohitura zaharrak galdu ez daitezen!

Txikien urduritasuna gailenduko da gaurkoan Urumea bailaran, izan ere, gaur gauean, Olentzero eta Mari Domingi etxez etxe ibiliko dira Naporen laguntzarekin, haurren opariak banatzen. Lan neketsua denez, bailarako txikiei ondorengoa eskatu diete Olentzerok eta Mari Domingik: «asko zarete, eta Urumea bailara haundia da. Etxe guztietara heldu ahal izateko, mokadutxoa jartzerik izango zenukete guretzat eta Naporentzat? Asko eskertuko genizueke!». Beraz, badakizue, Ereñotzura, Hernanira, Astigarragara, Aranora edota Goizuetara heldu ahal izateko: ura, ardo pixka bat, eta mokadutxoren bat jarri, Olentzerori, Mari Domingiri eta baita Napori ere!

Bailarako herri guztietan egingo dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, eta goiztiarrenak, astigartarrak izango dira. Izan ere, goizeko 12:00ak 12:30ak aldera aterako dira Olentzero eta Mari Domingi Foru Plazara kalejiran eta haurrekin abestuko dute, Xaguxar taldeak antolatuta. Arratsaldean, berriz, euskal presoen aldeko Olentzeroa aterako da kalera, Oialumetik. 

Aranon ere betiko moduan, taldetxo bat aterako da goizetik etxez etxe kantari, Olentzeroa sorbaldan hartuta, Suro auzotik abiatuta. Eguerdian bazkari baten bueltan bilduko dira Aranoko Kontseju elkartean eta arratsaldean festa giroan murgilduta ibiliko dira aranoarrak. 

Hernanin, arratsaldeko 17:00etan izango da Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera, Ttarla dantza taldearekin. Zinkoeneatik abituko da kalejira eta ohi moduan, herriko kaleak zeharkatuko dituzte goxokiak botaz, eta bailarako haurrak agurtuz. Plazan amaituko dute kalejira, eta antzerkia egingo dute jarraian. Zelabide auzokoek ere, Olentzero eta Mari Domingiri ongi etorria egingo diete gaur, arratsaldeko 18:00etan.

Goizuetarrek arratsaldeko 18:30etan Olentzerori eta Mari Domingiri ongi etorria eginen diote Zubiondoko atarian. Eta jarraian, eskolako frontoira bidea hartuko dute kalejira baten bueltan eta ohi moduan, ekitaldia eginen dute, Olentzerorekin eta Mari Domingirekin. 

 

Ereñotzuarrak, Gabon eskean

Ereñotzuko auzotarrek, beraien aldetik, urteroko ohiturari eutsiko diote eta Gabon eskean aterako dira gaur. Eguerdiko 14:15etan, eskolako patioan elkartuko dira, entsaio orokor bat egiteko, eta 14:45etan ekingo diete abesteari, ondorengo hurrenkerari jarraituz: Ereñotzuko patioa, Lastaola, Epele, Fagollaga, Pagoaga, Olazar, Abillats eta amaitzeko Ereñotzuko gunean hainbat lekutan abestuko dute.

 

Datozen egunetan, ekintza gehiago

Etzitik aurrera, neguko oporretako ekintzak jarraipena izango dute, bailaran osoan. Astigartarren kasuan, etzi 'The Spolem girls: Christmas Show' musika emanaldiaz gozatzeko aukera izango da Erriberan, arratsaldeko 19:00etan; eta 29an, aldiz, Hodei magoak magia ikuskizuna eskainiko du. Goizuetarrek eta aranoarrek gabonetako tailerretan murgiltzeko parada izanen dute urteari amaiera emateko; aranoarrek etzi goizeko 10:00etatik 13:00etara izanen dute tailerra; eta goizuetarrek, abenduaren 29an, 30ean eta 31n, 10:00etatik 13:00etara.

Hernaniarrek ere izango dute urtea amaitu aurretik zenbait ekintzetan parte hartzeko aukera; hala nola, Ludoteka, Jurgi Ekizaren kontzertua, eta Txulalai taldearen ''Boom Boom' emanaldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!