Aritz Zubiri eta Imanol Ansa sailkatu dira zuzenean Binakako Txapelketaren finalera

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 22a

Jokatutako txapelketa bikainaren ordaina jasoko du Aritz Zubirik, finalean arituta. Argazkia: Maialen Andres

Goizuetarrak eta urnietarrak desenpate estuan menderatu zituzten Ezkurra II eta Larrañaga, ligaxkako aurreneko postua lortzeko. Doneztebarrak eta azkoitiarrak semifinala jokatuko dute, Aldaberen eta Azpirozen kontra.

Oso momentu gozoan dago Aritz Zubiri goizuetarra, eta horrek ezin modu nabarmenagoan izan du bere isla Binakako Txapelketa nagusian: finalerako txartel zuzena lortu du, Imanol Ansarekin batera. Larunbateko partidu klabean eskuratu zuten pasea, Josetxo Ezkurra eta Iban Larrañaga kontrario zuzenak menderatuta. Irabazleak bukatuko zuen ligaxkako buru, finala jokatzeko; eta goizuetarrak eta urnietarrak desenpate estuan lortu zuten garaipena, aurreneko jokoan jasotako porrotari buelta emanda (12-15, 15-12 eta 8-6). Partidu bizia eta azkarra izan zen, eta maila ederrean aritu ziren lau erremontistak.

Doneztebarra eta azkoitiarra nagusi izan ziren aurreneko jokoan, eta ezinean ekin zioten gorriek. Konturatzerako, 3-11 ari ziren galtzen. Hortik aurrera, tantoak bata bestearen atzetik pilatzen hasi ziren, baina ez zen nahikoa izan markagailua iraultzeko (12-15). Edonola ere, bete-betean sartu ziren partiduan, eta zalantzak piztu zituzten kontrarioengan.

Horrekin, parekatuagoa izan zen bigarren jokoa, eta goizuetarra nabarmendu zen bereziki, saketik bikain eta tanto ederrak jokatuz. Nagusi izan zen Larrañagaren aurrean, eta 8-4 aurreratu ziren markagailuan. Abantaila hori baliatu zuten partidua berdindu eta desenpatera jotzeko, kontrarioak gerturatu ziren arren (15-12).

Ikusgarria izan zen desenpatea, hasi eta buka. Ezkurrak eta Larrañagak oso indartsu ekin zioten, eta markagailuan 0-5 aurreratuta, bazirudien garaipena eskuratuko zutela. Baina azkoitiarrak huts egin zuen hurrengo sakean, eta hortik aurrera, ondo baino hobeto baliatu zuen aukera Zubirik: bikain sakatzen hasi zen, eta horrek ahalbidetu zien tantoak dominatzea. Tanto bakarrera gerturatu ziren (4-5), eta kontrarioek seigarrena lortu arren, azkeneko lau tantoak ere segidan egin zituzten (8-6). Sei tanto bukatu zituen Ansak desenpatean.

Kanporaketak, erabakita

Gauzak horrela, finalean ariko dira Zubiri eta Ansa (19 puntu), eta semifinala jokatu beharko dute Ezkurrak eta Larrañagak (16 puntu), Kemen Aldaberen eta Xabier Azpirozen kontra (9 puntu), datorren larunbatean.

B serieko txapelketan ere, da­goeneko erabakita zeuden kanporaketak. Julen Deskarga hernaniarrak eta Ibai Martirenak lortu dute finalerako txartel zuzena, eta beste bi hernaniarrek ere jokatu lezakete final hori: semifinalean ariko dira Paulo eta Aitor Aiestaran anaiak, Ander Goikoetxearen eta Joseba Goi­koetxearen kontra. Datorren la­runbatean izango da hori ere, Ga­larretan, arratsaldeko 15:15etan hasiko den jaialdian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!