Txistor zaporez eta Gabon doinuz jantzi da bailara asteburuan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 21a

Santo Tomaseko ospakizunak hartu zuen Hernani atzo, eta txistor faltarik ez da izango gaur bailaran, egun seinalatuan. Gainera, Gabon kantak izan ziren protagonista Astigarragako eta Hernaniko hainbat txokotan, datorrenaren iragarle.

Festarako gogoa nabari zen atzokoan: oporren aurreneko eguna askorentzat (ez ikasleentzat bakarrik), eguraldia ere txukun... eta makina bat aukera larunbataz gozatzeko, Hernanin bereziki. Santo Tomas eguneko ospakizunak bezperara aurreratuta, makina bat elkartek jarri zituzten postuak Kaxkoan, eta Lizeaga, Zikuñaga, Zelabide eta Karabel auzoetan ere gozatu zuten txistorraz.

Poteo berezia izan zen atzokoa, eta giroa are gehiago pizten lagundu zuten Ttarla taldeko dantzari gaztetxoek, beren kalejira alaiarekin.

Atzokoak txistor zaporea izan zuen Hernanin, baina gaurkoa da Santo Tomas eguna, eta hala ospatuko dute bailara osoan. Goizeko 10:30etan jarri dute horretarako hitzordua Goiz Eguzki jubilatuen egoitzan, eguerdiko 12:00etan izango da Portu auzoan, eta txistor pintxoak eta ogitartekoak izango dira eguneko protagonista nagusia bailara osoko tabernetan.

Txistor zaporez jantzi da asteburua, baina baita Gabon doinuz ere, datozen egunen iragarle. Doinu horiez gozatzeko aukera hirukoitza izan zen atzokoan. Astigarragan, kantu-jira eginez zabaldu zituen Gabonetako abestiak Aiztondo abesbatzak eguerdian, herriko kale eta plazetan; eta oso emanaldi berezia eskaini zuen Eragiyok abesbatzak iluntzean, Erriberan, Ainhoa Lopez de Munain sopranoarekin, Josu Cabrero tenorrarekin eta Henar F. Clavel pianistarekin batera. Hernanin, berriz, Gabonetako kontzertu indartsua eskaini zuen Musika Bandak parrokian. Ez da aukerarik faltako datozen egunetan ere, herriz herri, urte garai honetako doinu bereziez gozatzeko.

Erlazionatuak

Santo Tomaseko azoka, Kaxkoan

Beñat Los Arcos Ayerdi abe 20, 18:40 Hernani

Santo Tomaseko txistorrada, Lizeaga auzoan

Beñat Los Arcos Ayerdi abe 20, 18:31 Hernani

Aiztondo abesbatzaren Gabonetako kantu-jira

Beñat Los Arcos Ayerdi abe 20, 19:20 Astigarraga

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!