Eskuzko Gipuzkoako finalak bihar, Hernanin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 18a

Neska nagusien eta kadeteen finalak jokatuko dituzte kiroldegiko frontoian, 19:30etan hasita.

Zita garrantzitsua izango da bihar iluntzekoa, Hernaniko kiroldegiko frontoian. Izan ere, bertan jokatuko dituzte eskuzko kluben arteko Gipuzkoako Txapelketaren bi finalak, nesketan: kadete mailakoa, eta nagusiena.

19:30etan hasiko da jaialdia, eta kadete mailako binakako finala jokatuko dute aurrena. Lapkeko Ainhitze Arratibel eta Larraitz Galardi ariko dira batetik, eta Alde Zaharrako Arhane Rey eta Nahia Sorondo bestetik, txapel preziatuen bila.

Eta ondoren, nagusien mailako binakakoaren finala jokatuko dute: Gaztelekuko Madalen Etxegarai eta Nora Mendizabal, Ados Pilotako Naroa Agirrek, Natale Aranburuk eta Maddi Barrocalek osatutako taldearen kontra.

Frontoira bertaratu eta finalez gozatzeko gonbitea luzatu diete pelotazale guztiei; eta bertaratzerik ez duenak, aukera izango du YouTuberen bitartez ere ikusteko, zuzenean eskainiko baitituzte finalak Gipuzkoa Pilota Emankizunak kanalean.

 

Salaberriak eta Gaskuek, Lekeition zita etzidamu

Mutilen profesional mailan, berriz, Lekeition jokatuko du Iker Salaberria goizuetarrak, B Serieko Binakako Txapelketaren partidua. Salaberriak eta Andoni Gaskuek igandean daukate hitzordua, 17:15etan hasita, eta Jon Ander Peñaren eta Ruben Salaverriren kontra ariko dira.

Bolada onean dira goizuetarra eta ultzamarra. Txapelketa bi porrotekin eta sentsazio txarrarekin hasi ondoren, garaipena lortu dute hurrengo bi partiduetan, Rekalde-Bikuña (22-13) eta Senar-Ugartemendia (22-6) menderatuta. Joan den larunbatekoan, erakustaldia eman zuen Salaberriak. Azkeneko bi partidu horietan erakutsitako mailari eutsi nahi diote aurrerantzean, ligaxkako sailkapenaren goiko postuetan kokatzen hasteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!