Binakako Txapelketaren finalak aurreratu dituzte, urtarrilaren 2ra

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 17a

Hainbat kirol eta kultur ekitaldi jendetsu daude aurreikusita hilaren 3rako, eta finalak egun batez aurreratzea erabaki du Oriamendik.

Ostiralez jokatuko dira erremonteko Binakako Txapelketaren fi­nalak, urtarrilaren 2an: bai txapelketa nagusikoa, eta bai bigarren mailakoa. Izan ere, hasieran finkatutako data egun batez aurreratzea erabaki du Oriamendi enpresak, hilaren 3rako «izaera jendetsuko hainbat kirol eta kultur ekitaldi» daude aurreikusita, eta «ekitaldiak gainjartzeak kalte» egingo zien enpresaren ustez, «bai ekitaldiei eta bai zaleei». Horregatik, eta beste erakunde antolatzaile batzuekin harremanetan jarri ondoren, finalaren egutegia egokitzea erabaki zuten, «publikoari hainbat ekitalditara joateko aukera errazteko helburuarekin».

Hori horrela, urtarrilaren 2an jokatuko dira bi finalak Galarretan, arratsaldeko 16:30etan.

Erositako sarrerak, baliogarri

Data aldaketa eginda, «lasaitasun mezua» helarazi nahi izan die Oriamendik, dagoeneko sarrera erosita zeukaten ikusleei. Izan ere, ez dute aldaketarik edo tramiterik egin beharko. Eskuratutako sarrerak baliogarri izango dira urtarrilaren 2an Binakakoaren finalak ikusteko.

Dagoeneko egin dute aldaketa Oriamendiren web orrian ere (oriamendi.eus), eta bertan eskuratu dezakete sarrera, oraindik erosi ez dutenek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!