Igandean izango da Santo Tomas eguna, baina txistorra 'santu' ostiraletik aurrera

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 17a

Karabelgo hainbat emakume, txistorraren bueltan elkartuta, joan den urteko Santo Tomaseko ospakizunean.

Txistorraz betetako ogitartekoak eta taloak dantzan ibiliko dira Urumea bailaran, ostiralean hasi eta igandera bitarte. Hernaniko eskoletan festa giroa nagusituko da etzi, eta Kaxkoan izango da ohiko azoka larunbatean. Ereñotzun auzora zabaldutako txistor jatea egingo dute ostiralean bertan, eskolak antolatuta.

Astigartarrak izan ziren goizti­arrenak, txistorra gosez antza; eta joan den larunbatera aurreratu zuten Santo Tomaseko azoka, Herri Eskolak urtero antolatzen duena. Baina egun seinalatura itxaron ezinik dabiltza gainerakoak ere, eta Santo Tomas igandean izango den arren, ostiraletik aurrera izango da txistorra 'santu' bailaran.

Egun horretan, hain juxtu, eskoletan izango du protagonismoa txistorrak. Hernanin, esaterako, adin guztietako ikasleek hartuko dute parte Santo Tomas ospatzeko ekintzetan. Elizatxo, Aratz eta Urumea ikastolek goiz osoko plana jakinarazi diote Kronikari. Batzuk kantari ibiliko dira herriko kaleetan barrena, txistor jatea egin aurretik. Beste batzuek mota guztietako produktuen azoka prestatuko dute. Eta badira Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita jasoko dutenak ere, ostiralean bertan.

Ereñotzuko Txirrita eskolan ere ospatuko dute Santo Tomas, urtero bezala auzotarrekin batera. Izan ere, LH6 mailako ikasleek prestatuko dituzte ogitartekoak, senideen eta irakasleen laguntzaz; eta auzo osoari eskainiko dizkiote, txistor jateaz guztiek elkarrekin gozatzeko.

Hernanin, txistorrada auzoz auzo

Ostiraleko ogitartekoek ez dituzte erabat aseko hernaniarrak, eta asteburuan ere izango dute aukera txistorra dastatzen jarraitzeko. Izan ere, hainbat auzotan egingo dute ospakizuna, bi egunetan.

Larunbatean postuz jantziko da Kaxkoa. San Joan Konpartsak Plaza Berrin jarriko du bere karpa haundia, eta talogileak lanean ikusiko ditu bertatik pasatzen denak, mokadu eske ilara luzean jarri aurretik. Goizeko 11:00etatik aurrera izango dira bertan, eta erromeria ere antolatu du elkarteak arratsalderako.

Kaxkoan bertan jarriko du postua Hernaniko Errugbi Elkarteak ere, Kale Nagusian daukan dendaren ondoan, joan den larunbatean bezalaxe.

Eta Lizeagako, Zelabideko zein Karabelgo auzotarrek ere larunbatera aurreratu dute ospakizuna. Auzo plazan egingo dute txistor jatea Lizeagakoek, goizean, 11:30etatik aurrera. Eta arratsalderako jarri dute hitzordua Zelabidekoek eta Karabelgoek, 18:00etan hasita, bi auzo elkarteen lokaletan.

Portuko auzotarrek, berriz, Santo Tomas egunez egingo dute ospakizuna, eguerdiko 12:00etan hasita, Lorenza-Ibarrolaburu pla­­zan. Eta Gabonetako saskia ere zozketatuko dute orduantxe.

Bailarako gainerako herrietan ez dute hitzordu zehatzik jakinarazi, baina denetan nabarituko da Santo Tomas eguna dela: tabernetan ez du hutsik egingo txistorrak, eta etxeetan ere seguru ezetz! On egin!

SANTO TOMASEKO OSPAKIZUNAK

HERNANIN

ABENDUAK 19, ostirala

Elizatxo Ikastolan, San Tomaseko ospakizuna, 09:15etan hasita. Elizatxo eta Portu auzoetara joango dira abestera, HH3-LH6 bitarteko ikasle, irakasle eta senideak, eta koxkorrenak herrian zehar ibiliko dira gero. HH3-LH2koak eskolara bueltatuko dira txistorra jatera, eta LH3-LH6koak 11:15etan. Leoka guraso elkarteko bolondresek prestatuko dituzte ogitartekoak.

Aratz Ikastolan, LH eta DBHko ikasleen postuak, 10:00etatik 11:45etara: patata tortillak, bizkotxoak, barazkiak... 12:00etan txerriaren zozketa egingo dute. Gainera, larunbatean ere hartuko du parte Aratzek herriko azokan, Urrats dendaren parean, 11:30etatik 14:30etara.

Urumea Ikastolan, Ikasleentzako txistorrada, 10:30etan hasita. Aurretik, Olentzerori eta Mari Domingiri harrera egingo diete, LH2koek Gabon kantak abestuz; eta ikasleen eskutitzak jasoko dituzte.

ABENDUAK 20, larunbata

Plaza Berrin, San Joan Konpartsak antolatuta. Taloak, pintxoak eta ogitartekoak, 11:00etatik 14:30etara; eta erromeria 18:00etan hasita, Patxi eta Konpainia taldearekin.

Kale Nagusian, Hernaniko Errugbi Elkartearen dendaren ondoan, klubak antolatuta. 10:00etatik 15:00etara.

Lizeaga auzoan, Auzo plazan, 11:30etan hasita (euria eginez gero, Urumea Ikastolan). Aukera beganoa ere izango da, eta bazkide egiteko edota bazkidetza berritzeko aukera ere bai.

Zelabide auzoan, Zelabide Auzo Elkartearen lokalean, 18:00etatik 21:30etara.

Karabel auzoan, Belkara Auzo Elkartearen lokalean, 18:00etatik aurrera. Gabonetako 10 saski zozketatuko dituzte auzo elkarteko bazkide guztien artean.

ABENDUAK 21, igandea

Portu auzoan, Ibarrolaburu-Lorenza Plazan, Portuko Auzo Elkarteak antolatuta. Eguerdiko 12:00etan. Ondoren, auzo elkartearen Gabonetako saskia zozketatuko dute.

EREÑOTZUN

ABENDUAK 19, ostirala

Txirrita eskolan, goizeko 11:30etan hasita. Auzora irekia izango da txistor jatea, eta LH6ko ikasleek prestatuko dute, Ur-Mia elkartean, senideen eta irakasleen laguntzaz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!