Aurkari zuzenaren etxean jokatuko dute gaur Euskal Ligako neskek

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko abenduaren 13a

Bigarren postuari eutsi nahi dio Hernanik.

Bigarren postuan dago Hernani, Zumaiakorekin berdinduta. 16:00etan hasiko da partidua.

Denboraldi bikaina egiten ari da Hernaniko Euskal Ligako nesken taldea. Bigarren postuan egonkortuta daramatza zenbait jardunaldi, eta lehenengo postutik hiru puntu eskasera dago. Azken asteetan, ordea, bi berdinketa kateatu ditu, eta proba gogorrari egin beharko dio aurre gaur arratsaldean. 

16:00etan hasiko da, Zumaiako Aita Mari zelaian, Zumaiakoren eta Hernaniren arteko partidua. Bi taldeak berdinduta daude sailkapenean, biek dauzkate 25 puntu; hortaz, gaur irabazi ezean, bigarren postua galduko du Hernanik. 

Gizonezkoen bailarako bi talde nagusiek etxean jokatuko dute asteburuan. Hernanik Oiartzunen aurka jokatuko du gaur arratsaldean, 15:30etan hasita, Zubipen. Liga emaitza onekin hasi bazuen ere, bolada txarrean kateatuta dago orain taldea. Azken sei jardunalditan lau porrot eta bi berdinketa jaso ditu taldeak, eta pixkanaka behera doa sailkapenean. Kontrako egoeran dago Oiartzun; azken lau partidutatik hiru irabazi baititu. 

Mundarrok ere gaur arratsaldean jokatuko du. Behobiaren aurka arituko da Zarkumendegin, aurreko asteko porrota ahazteko asmoz. Behobia Mundarro baino talde xumeagoa da, eta sailkapenaren behealdean dago. Astigartarrentzat aukera ona izan daiteke garaipenen bidera itzultzeko. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da partidua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!